Mutrikuko Goienetxe artzai gazta, Euskal Herriko onenen artean
Hirugarren postua eskuratu zuen, garailearengandik bi puntu eskasera. Dastaketa herrikoiaren irabazlea izan zen.
Idiazabalgo Baserri Egunaren baitan burutu zen Artzai Gazta Elkarteak antolatutako Euskal Herriko 39. Artzai Gazta Txapelketa, eta Mutrikuko Goienetxe gaztandegiak hirugarren postua eskuratu zuen, eta baita dastaketa herrikoiaren sari berezia ere.
Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako gaztarik onenen arteko lehia burutu zen. Hain zuzen ere, aurten egindako txapelketetako irabazleak bildu zituzten Igarondo pilotalekuan, 40 gazta, Euskal Herriko artzai gazta onena zein izango zen erabakitzeko.
Epaimahaian aurpegi ezagunak zeuden, tartean, Iñaki Artola pilotaria eta Rafa Gorrotxategi gozogilea. Beraien esku zegoen puntako gaztak dastatu eta puntuazioa ezartzearena. Maila handia zegoen, eta lehia estua egon zen lehenengo postuen artean.
Erabaki hartuta, Larrea Gaztako Patxi Lopez de Uraldek irabazi zuen txapelketa, 421 puntu lortuta. Bigarren postua, berriz, Arabako La Lezerentzat izan zen, 419 punturekin. Hirugarren postua, puntuazio berdinarekin, Mutrikuko Goienetxe gaztandegiarentzat izan zen, eta Beñat Egaña igo zen sariaren bila. “Ez genuen espero inondik inora ere. Oso pozik gaude lortutakoarekin, irabazlearengandik hain hurbil geratu izana izugarria izan da. Maila handia zegoen.” Gainera, egun berdinean Dastaketa Herrikoiaren saria lortu zuten. “Bat ez, bi sari. Dastaketa herrikoiarena irabazi izan dugu, eta oso ederra da”.