Adikzioen prebentziorako plana abian jarri du Lea Artibai Amankomunazgoak
Urriaren 17tik aurrera, eskualdeko udalerrietako ikastetxeetako 12-18 urte bitarteko ikasleei bizi-ohituren kontsumoen eta bestelako erabilpenen inguruko galdeketa egingo diete.
Adikzioen fenomenoa aldakorra da, eta Lea-Artibaiko Amankomunazgoarentzat bere garaian martxan jarritako ekintzak aztertu, ebaluatu eta eguneratzeko garaia heldu da. Herritarren bizi kalitatean eragin “esanguratsu eta zuzena” duen aro bat dela uste dute. “Helburuak dira drogen kontsumoa eta bestelako mendekotasunak prebenitu eta saihestuko dituen estrategiak eta ekintzak sortu eta abian jartzea eta herritarrak adikzioen aurrean sentsibilizatzea eta heztea”, adierazi dute.
Modu parte hartzaile baten bide eraman nahi dute aurrera plana. Gogoratu dute gizarte osoaren inplikazioa eta konpromisioa “ezinbestekoak” direla. Planaren ardura Sasoia SL enpresak izango du, osasun hezkuntzan eta adikzioen prebentzio arloan adituak dira. Fase desberdinetan banatu dute plana.
Planaren lehenengo pausoa Lea Artibai Amankomunazgoko egungo egoeraren diagnosi integral bat egitea izango da. Horretarako, antzemandako beharrizanekin eta Adikzioen gaineko Arreta Integralari buruzko Lege eta Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen VII. Planaren ildoekin bat etorriz, plangintza bat ezarriko dute. Plan berri horrek beste adikzio mota batzuk barne hartzeaz gain (bideojokoak, apustuak, sare sozialak, etab.), gazte, familia, erakunde eta elkarteen parte hartzea ere sustatuko du. “Diagnosi honek udalerrian drogen kontsumoagaz eta bestelako adikzioekin zein horiei lotutako arrisku eta babes faktoreekin lotutako errealitatea ezagutzeko balioko du”, esan dute.
“Helburuak dira drogen kontsumoa eta bestelako mendekotasunak prebenitu eta saihestuko dituen estrategiak eta ekintzak sortu eta abian jartzea”
Urriaren 17tik aurrera, eskualdeko udalerrietako ikastetxeetako 12-18 urte bitarteko ikasleei bizi-ohituren kontsumoen eta bestelako erabilpenen inguruko galdeketa egingo diete. Bidez batez, Lea Artibai Amankomunazgoak ikastetxeen parte hartzea eskertu nahi izan du. Behin informazio hori jasota, eztabaida-talde desberdinak antolatuko dituzte, mendekotasunen egoeraz taldean hausnartzeko.
Elkarlana. Batzarretan gizarte ordezkaritza zabalak parte hartzea nahi dute, herriko eragileek, elkarteek, udal langileek edota politikariek. Era berean, herritar guztiek iritzia emateko aukera izan dezaten, udaletako web orrialdeetan inkesta bat eskegiko dute. “Herritarrek herriarentzat egindako plana izandan, helburua da sare lanean oinarritutako proiektu bateratua sortzea denon artean”, zehaztu dute.
“Lea Artibai Amankomunazgoa osatzen dugun udalerrietako gizartea osatzen dugun eragile guztion lana da”, azpimarratu dute
Azken fasean, osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurri zehatzagoak definituko dituzte. Hain zuzen ere, “Lea Artibai Amankomunazgoa osatzen dugun udalerrietako gizartea osatzen dugun eragile guztion lana da” azpimarratu dute.
Adikzio plan berria Amankomunazgoaren Gizarte Zerbitzu Saileko ekintzarik garrantzitsuenetako bat izango da 2022-2026 agintaldian: “Datozen urteotan garatuko diren lehentasunezko esku hartze lerroak ezarriko dira”. 2023ko otsailean emango dituzte jakitera emaitzak.