Patxi Zubizarretak irabazi du Augustin Zubikarai nobela beka
Urriaren 27an, 18:00etan, Ondarroako Kofradia Zaharrean egingo da sari banaketa, Literatur Amuak jardunaldiaren baitan.
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria Patxi Zubizarretaren Gau otsoa nobela proiektuak irabazi du . Zortzi lan aurkeztu dira lehiaketara, eta Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak aukeratu duen proiektu irabazleak 6.000 euroko saria eta Elkar argitaletxearekin liburua argitaratzea eskuratu ditu.
Insomnioa hartu du Zubizarretak bere lanaren ardatz gisa, gizartean guztiz zabaldutako gaitza eta, aldi berean, gizartearen gaitzen erretratua egiteko balio duen sintoma. Kontakizunean, Adela izango da protagonista, 45 urteko kazetaria, banandua eta ume baten ama. Insomnioari buruzko erreportaje bat egin behar du lan egiten duen aldizkariarentzat, eta hortxe dago eleberriaren abiapuntua, gero hainbat pertsonaia, sare eta abarretan korapilatuko dena. “Laburbilduz: begirada zorrotz bezain originala gure buruari eta munduari, idazlera gozo bezain aberats batean emana, umorez eta kultur erreferentziaz josia”, azpimarratu dute epaimahaikideek.