Freestyle ikuskizuna, Berriatuko Txirrindulari Elkartearen 40. urteurrena ospatzeko
Ospakizuna zapatuan [urriak 22] izango da, 18:00etan hasita, Urepel plaza alboko aparkalekuan. Funbox Factory taldeko txirrindulariek parte hartuko dute, eta doako ikuskizuna izango da.
Berriatuko Txirrindulari Elkarteak 40 urteko ibilbidea bete du, eta mugarri hori ospatu asmoz freestyle ikuskizuna egingo du zapatuan [urriak 22], Urepel plaza ondoko aparkalekuan. Saio horretan Funbox Factory trial taldeko txirrindulariek parte hartuko dute. Euria egingo balu, ikuskizuna Mendibarren frontoian egingo lukete. Doakoa izango da, eta elkartekideek herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Berriatuko Txirrindulari Elkartetik adierazi dute ordubete inguruko saioa egingo dutela Funbox Factoryko txirrindulariek, zati bitan banatuta: lehenengo eta behin, oztopo artifizialak baliatuko dituzte, trial diziplinako ariketak egiteko; ondoren, jauzietan eta itzulipurdietan oinarritutako ariketak egingo dituzte.
Herritarren omenez. Berriatuko Txirrindulari Elkarteak 40. urtemuga “herritarren berotasunean” ospatu nahi du. Izan ere, bertako kideek azaldu dute berriatuarrek urtez urte eta antolatu izan dituzten egitasmo guztietan “egundoko prestutasunagaz” eskaini izan dute beraien laguntza: “Ekimena edozein izanda ere, herritarrak beti egon dira elkartea babesten; izan komisario beharretarako, auto edota motorretan bidegurutzeak kontrolatzeko eta abar. Beti sentitu izan dugu beraien laguntza eta elkartasuna”. Horrenbestez, freestyle ikuskizuna elkarlan hori guztiori “eskertzeko jarduera” izango da: “Berriatuarrei saioa ikustera hurreratzeko eskatu nahi diegu, modalitate bitxi eta eder horretaz gozatzeko eta elkartearen 40. urteurrena guztion artean ospatzeko”.