Liburuaren Arbola erakusketa ikusgai egongo da Ondarroan
Gaur [urriak 20], 19:00etan aurkezpen ekitaldia burutuko da Kofradia Zaharrean, Gorka Arreseren eskutik.
Literatur Amuak jaialdiaren baitan antolatutako Liburuaren arbola erakusketa ibiltariak liburuaren izaera azalduko du, hala nola, hizkia, idazketa, diseinua eta inprimaketa. Bisitariek hizkiek nolako anatomia daukaten ezagutzeko aukera izango dute; testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz. Erakusketa azaroaren 10era arte egongo da ikusgai.
Euskararen Etxeak prestatu du erakusketa, eta Gorka Arrese editoreak, berriz, apailatu. “Gizakiak sortu duen gauza unibertsaletako bat da liburua, eta historiako lehen hedabide masiboa da, aurreneko objektu industriala“.
Esanahia. “Zuhaitz baten modukoa da liburua. Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena”.