Euskaraldia babestu dute ziortza-bolibartarrek, egitarau zabala aurkeztuz
Euskaraldiagaz bat egiten dutela adierazi eta ariketak iraungo duen egunetarako askotariko ekintzak antolatu dituzte Ziortza-Bolibarren.
Euskararekiko konpromiso sendoa daukate ziortza-bolibartarrek. Eta Euskaraldia ate joka dagoela eta, herritarrak ekimenean parte hartzera gonbidatu eta ariketak iraungo duen egunetarako hainbat ekintza antolatu dituzte.
Antzerki eta ikuskizunez gain (egitaraua azpian ikusgai), Ziortza-Bolibarko I. Bertso Paper Lehiaketa egingo dute. Horretan bi maila egongo dira: 16 urtera artekoak eta 17 urtetik aurrerakoak. 16 urtera artekoek lau bertso aurkeztu beharko dituzte, hamarreko txikian. Eta 17 urtetik aurrerakoek lau bertso egin beharko dituzte, hamarreko handian. Bi kategoria horietako irabazleek Errigoraren saskiak jasoko dituzte sari legez; 16 urtera artekoetako irabazleak saski berdea eskuratuko du, eta 17 urtetik aurrerakoetako irabazleak saski zuria.
Bertsoak nola aurkeztu. Bertsoak ordenagailuz idatzita aurkeztu behar dira, eta horretarako azken eguna azaroaren 20a da. Lanak gutunazal batean aurkeztu behar dira, izengoitiagaz. Gutunazal horren barruan beste gutunazal bat sartu beharko da, eta horretan egilearen izen-abizenak idatzi beharko dira. “Hori eginda, udaletxeko postontzian sartu behar dira”.
Ondokoak dira ekintzak antolatu dituztenak: Aranbaltz kultur elkartea, Markola guraso elkartea, Kanpape jubilatuen elkartea eta Ziortza-Bolibarko Udaleko Kultura Batzordea.
- Azaroak 19 (zapatua):
- 18:00etan: Euskaraldian izena emateko mahaia ipini dute frontoiko sarreran. Gogorarazi dute norbere kabuz ere izena eman daitekeela.
- 19:00etan: Libera state (1522-2022) kale antzerkia. Asisko Urmenetaren taldeagaz, musika, marrazkigintza eta solasa uztartuko ditu ikuskizunak.
- Abenduak 3 (zapatua): 19:00etan Bibitxa antzezlana (Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartzia), frontoian. Ondoren Bertso Paper Lehiaketako sari banaketa.