Markina-Xemeinera ailegatu da 'Euskal Kulturaren Nazioarteko Atea' erakusketa
Bilboko Euskal Museoaren erakusketa ibiltaria gaurtik [urriak 28] azaroaren 30era arte egongo da ikusgai Bizenta Mogel parkean. Helburua museoaren bilduma herritarrengana hurreratzea da.
Bilboko Euskal Museoa itxita dagoenez, museoaren ondarea herritarrengana ailegatzeko eta herritarrak museoaren eskuetan dagoen altxorraz jabetzeko herriz herri dabil erakusketa ibiltaria.
Erakusketa bi zatitan dago banatuta, eta hala azaldu du Sorkunde Aiarza Bilboko Euskal Museoaren zuzendariak: “Alde batetik museoaren berrikuntza lanak ikusi ahal dira. Ez bakarrik lan arkitektonikoa, baita ere museografikoa: espazioak, diskurtsoa, estrategiak… Gure oinarriak mantenduz, egiten ari garena oso eraldaketa ausarta da; museoari batasuna ematea da helburua, eta hori erronka arkitektoniko garrantzitsua da”.
Beste alde batetik, erakusketak Euskal Museoaren eskuetan dagoen bildumaren zertzeladak eskaintzen ditu. “Euskal Museoak 50.000 erregistro baino gehiago ditu piezetan, eta erakusketa ibiltarirako aukeraketa egitea ez da lan erraza izan”, dio Aloña Intxaurrandieta erakusketaren komisarioak. Hala, hogei panelen bidez museoren bildumaren aniztasuna irudikatu nahi izan dute. “Oihalak daude, metalak, material ezberdinak, jatorri ezberdinetakoak… Erakusketa ibiltaria Euskal Museoaren bildumak daukan aniztasunaren adierazle txiki bat da”.
Etengabe handitzen doan bilduma. Euskal Museoaren bilduma “bizia” dela azaldu dute. “Egunero dohaintzak jasotzen ditugu. Orain ere, nahiz eta museoa itxita egon, dohaintzak eta pieza berriak sartzen ari dira bildumara”.
Erakusketan, gainera, museoaren bildumako piezak eta museoaren argazki bildumako irudiak uztartu dituzte. “Kasu askotan, argazki zaharrek ditugun piezak ulertzen laguntzen digute”. Horrez gain, herriz herri testigantzak biltzen ari direla diote. Ondarroan, esaterako, tretza nola erabiltzen zen azaldu zieten Jose Mari Ibazetak – azpiko bideoan ikusgai–. “Markina-Xemeinen ere Jose Pablo Arriaga artistaren testigantza jasoko dugu, eta azaroan bideoa zabalduko dugu”. Testigantza horiek bideoan jasotzea jendearengana hurreratzeko beste modu bat ere badela diote. “Eta hori guztia uztartzen da erakusketan”.
Aiarzaren eta Intxaurrandietaren azalpen guztiak entzun eta gero, Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak eskerrak eman dizkie erakusketa ibiltaria Markina-Xemeinera ere ekartzeagatik. “Eskerrik asko Markina-Xemein gogoan edukitzeagatik”. Azkenik, Aiarzak aurreratu du lan guztiak eginda, Bilboko Euskal Museo berritua 2024. urtean zabalduko dela.