Debabarrenako Mankomunitateak kale garbiketa indartu du
Herritarren eskaerei erantzunez, ura erabiliz kaleak sakonago garbitzeko konpromisoa hartu du.
Debabarrenako Mankomunitateak kale garbiketa zerbitzua indartzeko hainbat inbertsio egin ditu aurten udalerriei eskaintzen dien zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Guztira 492.844,48 euroko inbertsioa egin du; garbigailu txiki bat eta bi handi, puzgailuak, eta kale garbiketarako gurdiak erosi ditu, besteak beste.
Udalerrien beharretara egokitu. Udalerri guztietako zerbitzua indartzeko egindako inbertsioez gain, herri bakoitzarekin duen hitzarmenaren bidez, haien beharretara egokitutako kale garbiketa zerbitzua eskaintzen du Mankomunitateak. “Jasotako eskaerei erantzunez, baliabide desberdinak ahalbidetzen dizkiogu udalerri bakoitzari”.
Hain zuzen ere, hainbat herritarrek eskaria luzatu zioten Mankomunitateari; ura erabiliz kaleak sakonago garbitzea. Eskaerari erantzuteko eta eskualdeko herrietako kaleak txukun eta garbi mantentzeko hidrogarbigailua erosi du. “Mankomunitateak 55.494,56 euroko inbertsioa egin du, BEZ barne, makina hidrogarbigailu berri bat erosteko, ohiko garbiketa metodoen osagarri izan dadin eta zerbitzua indartzeko”.
Trantsizio energetikorako bidea egiten ere hasi da Mankomunitatea. Aurten, bi ibilgailu elektrikoren erosi ditu, eta jakitera eman dutenez horietako bat funtzioanitza da; kale garbiketarako erabili daiteke, baita paperontzietako hondakinak gaika jasotzeko eta kale garbiketarako hidrogarbigailu gisa aritzeko ekipamendua dauka.