Bihotzaren aldarriak, Ondarroako Etxelilan
'Bihotzetik irtetzen zaidana' erakusketa abendura arte egongo da ikusgai Etxelilan.
Bihotzetik irtetzen zaidana arte grafikoan aditu Sonia Garcia ermuar artistaren bosgarren erakusketa da, hain zuzen ere, emakumeak protagonista dituen marrazki sortak osatzen duen erakusketa. Jamonetti ezizenagaz sinatzen duen artistak beregandik hurre egon diren emakumeek bizitako egoerak islatu ditu, umore eta psikologia ukitu bategaz.
«Betidanik sentitu izan naiz erakarrita bihotzaren irudiagaz, nolabait amore erromantikoari lotuta egon den irudiagaz apurtzeko gogotik abiatuta. Ikertzen ari nintzela, bitxikeria bategaz topo egin nuen; antzina emakumeen sexu organoak bihotzaren bitartez irudikatzen zirela, eta bitxia bezain erakargarria egin zitzaidan». Batetik, bihotzaren irudi geometrikoa dugu, bestetik, anatomikoa. Azken hori da artistak erakusketan irudikatu duena: «Irudi anatomikoa indartsuagoa iruditzen zait. Betidanik izan dut buruan bihotz anatomikoagaz lan egitea, eta emakumearen errebeldia kutsu bat irudikatu dut bihotzaren elementuaren bitartez».
«Nahi duguna egitearen mezua zabaltzea da helburua»
Sinbiosia egin du sexu organoaren eta bihotzaren artean, «alutik ateratzen zaidana esaldia erabili dut, buelta bat eman, eta, bihotzetik ateratzen zaidana bilakatuz». Artistaren esanetan, modu probokatzaile batean bilatu du ikuslearen arreta, jendeari pentsarazteko asmoz. «Nahi duguna egitearen mezua zabaltzea zen helburua, nork bere lekutik, eta nork bere modura».
Bihotza erdigunean. Inguruko emakumeen istorioetatik abiatuta, emozioa eta sentipenak islatu nahi izan ditu bere abileziaren bitartez. Pertsonaletik abiatuz sortu ditu lanak, «hurbiletik ezagutzen ditudan egoerak dira». Tristura, poztasuna, mina, indarra… sentimendu ezberdin asko daude lanetan, baina kasu gehienetan umore kutsua edukitzea bilatu du artistak.
«Gaixotasun kronikoak sortzen duen beharretik hasi nintzen margotzen»
Arte grafikoaren ibilbidean hasi zuen duela 17 urte, behar batetik abiatu zen Garciaren margotzeko ohitura: «Gaixotasun kronikoa daukat, eta etxean denbora asko igaro behar izaten dut, hortaz, behar horretatik abiatu zen nire margotze lana». Ibilbidea hasi zuenetik ezizen ezberdinekin sinatu izan ditu lanak. Lehenengo lanak Laprince ezizenagaz sinatzen zituen, baina bere estiloa aldatuz joan zen eta Jamonetti ezizena bereganatu zuen. Errekerre bezala ere lanean ari da orain, bere bikoteagaz duen proiektu amankomunaren egile modura.
Ordutegia. Erakusketa abendura arte egongo da ikusgai Ondarroako Etxelila Emakumeen Topalekuan. Hain zuzen ere, Etxelilaren ordutegiaren barruan ikusi daiteke; martitzenetik barikura, 16:30etik 20:30era bitartean.