Urazamendik auzoko obrak abiatu dituzte
Lanek bi hilabete iraungo dutela aurreikusten dute. Oinezkoen pasabidea uneoro bermatuta egongo da.
Mutrikuko Urazamendik auzoan malda egonkortzeko obra lanak abiatu dituzte. Udaletik jakinarazi dutenez lanek bi hilabete iraungo dutela aurreikusten da.
Betidanik sortu izan dira arazoak gune horretan, maldatik harriak erortzen baitziren. Hortaz, arazoari konponbidea emateko asmoz, obra lanak abiatu zituzten atzo [azaroak 2]. “Helburua malda egonkortzea da, harriak erortzen baitira. Hortaz, sare batekin lotuko da konponbidea emate aldera”. Aurretiaz ere lanak burutu izan dira gune horretan, baina arazoak jarraitu egin izan du, “aurretik egindako lanak ez ziren nahikoa izan”.
Auzotarrek kexak jartzen zituzten, espaloira harriak erortzen zirelako, horrek dakartzan arazo eta arriskuak salatuz. Udaletik jakinarazi dutenez, aurreikusita zuten lanak burutzea, eta auzotarren kexak ikustean proiektuarekin hasi ziren: “Gure ideia eta auzotarren eskaria bat eginda hasi gara lanean”.
Pasabidea. Lanak burutzen diren bitartean ibilgailuen pasabidea murriztu eta errei bakarrera mugatuko da, baina ez dio eragingo oinezkoen pasabideari. “Oinezkoei pasabidea bermatzeko autoen joan etorria semaforo bidez kontrolatuko da”.