Mikel Ansola organo jotzailea eta Akelarre abesbatza, Xemeingo elizan
Bizkaiko Hotsak organo jaialdiaren laugarren saioa Xemeingo elizan egingo da zapatuan [azaroak 5]. Emanaldia doakoa da, eta herritarrek musika garaikidea eta klasikoa entzuteko aukera edukiko dute

Bizkaiko Hotsak Diego de Amezua XVII. Organo Jaialdia Markina-Xemeinera ailegatuko da. Izan ere, egitasmoaren laugarren saioa Xemeingo elizan egingo da zapatuan [azaroak 5], 19:30ean, doan. Horretan Mikel Ansola organo jotzaile markina-xemeindarra eta Bilboko Akelarre abesbatza ariko dira, Xabier Mendez Aretxabaletaren zuzendaritzapean.
Mikel Ansola: Markina-Xemeingo eta Ondarroako musika eskoletan aritu eta gero, Ansolak Bergarako musika eskolan jarraitu zuen organoa ikasten. 2018 eta 2021 urte bitartean goi mailako ikasketak egin zituen Musikenen, eta gaur egun Stuttgarteko (Alemania) HMDK unibertsitatean ari da.
Akelarre abesbatza: Akelarre 19 eta 29 urte bitarteko hamasei kidek osatzen duten ahots nahasien ganbera abesbatza da. Taldearen helburu nagusia musika korala gazteengana helaraztea da. Besteak beste, musika garaikideko eta klasikoko obrak abesten dituzte.