Zaballako espetxean dago Julen Atxurra 'Pototo' preso lekeitiarra
Duela hiru aste jakinarazi zuten preso lekeitiarra Kantabriako El Dueso kartzelatik Zaballara lekualdatuko zutela. Presoak berak deitu die senideei.
Urriaren 13an esan zuen Espainiako Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak preso lekeitiarra Zaballara (Araba) lekualdatuko zutela. HITZAk jakin ahal izan duenez, presoak berak deitu die senideei Euskal Herrian dagoela esateko. “Zaballako espetxean dagoela eta espetxe aldaketa guztietan modura, bi egun ohiko inkomunikazioan egongo dela jakinarazi du”. Astelehenera edo martitzenera arte egongo da inkomunikazio egoera horretan.
2020ko ekainean Puerto I (Cadiz, Espainia) kartzelatik Aranjuezera eraman zuten Pototo, eta 2021eko maiatzean lekualdatu zuten El Duesora (Kantabria, Espainia). Garuneko isuria jasan zuen 2021eko maiatzaren 13an, eta maiatzaren 21era arte Puerto Realeko unibertsitate ospitalean egon ondoren, berriro kartzelara eraman zuten.