Erraldoi eta buruhandiek hartu dituzte kaleak Lekeitioko 697. urteurrena ospatzeko
Gaur [azaroak 5] herriko kaleak alaitu dituzte txistularien doinuekin lagunduta.
Eguenean [azaroak 3] Lekeitioko herriak 697 urte bete zituen. 1325. urtean Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak herriari fundazio karta eman zion eta orduz geroztik hiribilduaren urteurrena ospatzen dute lekeitiarrek. Azken asteetan ondare jardunaldien barruan hainbat ekintza antolatu ditu udalak, bisita gidatuak edota hitzaldiak, besteak beste.
Gaur [azaroak 5] erraldoi eta buruhandien txanda izan da. Eguraldi eguzkitsua lagun izanda 12:00etan zegoen jarrita hitzordua udaletxe aurrean. Herritarrak prest zeuden, asko izan dira, umeak batez ere, erraldoiak ikusi nahi zituztenak, Antero egon da, esate baterako. Kalejira 15 minutuko atzerapenagaz hasi bada ere, herriko txikienek erraldoien barrualdea kuxkuxeatzeko aukera ez dute galdu.
Txistularien laguntzagaz herriko kaleak hartu dituzte erraldoiek, haien dantza onenak erakutsiz. Eskolapean zain zeuden buruhandiak. Iskanbila sortu du herritarren artean haien agerpenak, korrikaldiak hasi dira umeen artean buruhandiengandik ihes egin nahian. Batzuk lortu dute, besteak batzuk, berriz, ez.
“Zalantzarik gabe urte berezia izango da, urteurrenak merezi duen moduan ospatu nahi dugu”
2022ko ondare jardunaldien egitarauari amaiera emateko, bihar [azaroak 6] Bizkaiko bigarren mailako aizkora txapelketa jokatuko da. Plazan dago jarrita hitzordua 12:30ean, baina antolatzaileek aurreratu dutenez, euria eginez gero, ikastolako frontoian izango da.
Laguntza. Hain zuzen ere, horrelako ekimenak aurrera eraman ahal izateko, Lekeitioko erraldoi eta buruhandien konpartsak laguntza eskatu du. Belaunaldi aldaketa dela eta, jende berria erakarri nahi dute taldera, eta parte hartzeko deia zabaldu dute. Bihar [azaroak 6] batzarra antolatu dute. Herritarren bat animatu nahi ez gero, 676 00 77 98 zenbakia jarri dute eskuragarri.
Gero eta hurbilago. 2025. urtean Lekeitiok 700 urte beteko ditu eta udala dagoeneko urteurren berezi horretarako du jarrita begirada. “Zalantzarik gabe urte berezia izango da, urteurrenak merezi duen moduan ospatu nahi dugu”, adierazi dute udal ordezkariek.