Ondarroako udal tasek eta zergek %1,5 igoera edukiko dute
Udala osatzen duten bi alderdiek aho batez onartu dute erabakia.
Ondarroako Udalak datorren urterako udal tasa eta zergak %1,5 igotzea erabaki du. Urriaren 25ean egin zen udalbatzan aho batez onartu zuten erabakia udala osatzen duten EH Bildu eta EAJ alderdiek. “Herritarren ongizatea eta egun dauden zerbitzuak bermatzen jarraitzeko funtsezkoa da igoeratxo hau”.
Obrak, kale okupazioa, ibilgailuak, kiroldegia… barne hartzen dituzten udal tasek eta zergek jasango dute igoera orokorrean. “Helburua, zerbitzuetan ahalik eta defizit txikiena izatea da, beti ere herritarrenganako presioa gehiegi areagotu gabe. Herribusak, esaterako, ez du igoerarik izango, uste baitugu oinarrizko zerbitzua dela herritar askorentzat”, azpimarratu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.
Zamarrek %4ko igoera izango dute, hain zuzen ere, 80 zentimoko igoera suposatuko du, hiru hilabetetik behin, pertsonako. “Urtean 30.000 euro inguruko defizita izaten du udalak zamarrekin, horren kontura kobratzen diren zergen diru sarrerekin alderatuz, beraz, nahiz eta defizitarioa izaten jarraituko duen, hori izango da igoera nabarmenena aplikatuko zaion zerbitzua. Horrekin batera birziklapen tasa areagotzeko lanean jarraituko du udalak, gehiago birziklatzeak zamar bilketan diru gutxiago gastatzea ekarriko baitio herriari”