Txikiñena, Larruz eta Baskaran ekoizleak saritu dituzte
Txikiñenak eta Larruzek Euskal Herri mailan lehen aldiz egin den Esneki Txapelketan jaso dituzte sariak; Txikiñenak bi lehenengo sari eskuratu ditu, eta Larruzek lehenengo sari bat. Baskaranek mundu mailako txapelketan hiru sari lortu ditu, urrezko bat eta brontzezko bi.
Lehen aldiz egin da aurten Tolosan Esnekien Txapelketa, eta horretan Euskal Herri osoko 100 esneki produktu baino gehiago batu dira. Bada, horien guztien artean, Lea-Artibaiko bi ekoizle saritu dituzte: Txikiñena eta Larruz. Txikiñenak Gazta Krema Onenaren saria eta Jogurt Onenaren saria eskuratu ditu, eta Larruzek Ahuntz Gazta Onduaren saria.
Parte hartzaileek azaldu dutenez, alde batetik Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka egin zen, eta horren baitan egin zen txapelketa. Txikiñenakoek esan dute azokan ere parte hartu zutela: “Guk, adibidez, azokan ere parte hartu genuen, eta txapelketan ere bai”. Txapelketan parte hartzeko, baina, produktuak aurretik bidali behar izan zituztela diote. “Txapelketa egin bezperan bertan egon behar zuten produktuek. Guk behiaren esneagaz eta ahuntzaren esneagaz egindako jogurtak, ahuntzaren gazta krema eta gazta freskoa aurkeztu genituen, eta horietatik bi sari jaso ditugu. Oso pozik gaude”.
[ESKAERAK TXIKIÑENA: 690 61 97 04]
Larruzeko ordezkariak azaldu du saria jasotzea pozgarria izan dela, ez zutela espero. “Dena ondo antolatuta egon da, baina uste-uste barik izan da, dena azken momentuan egin genuen eta”. Azpimarratu normalean ez direla horrelako txapelketak egiten. “Ahuntzaren esneagaz egindako produktuen txapelketak ez dira egiten, eta eskertzen da horrelako zer edo zer antolatzea. Azken finean, honek guri ikusgarritasuna ematen digu. Honek balio izaten digu baita ere erakusteko berton ere horrelako produktuak egiten ditugula”.
[ESKAERAK LARRUZ: 625 02 25 59 – larruz77@gmail.com]
Txapelketa Tolosako Udalak eta Eliker Zentroak sustatuta egin zen, eta, besteren artean, antolaketan burubelarri ibili da Markina-Xemeingo Leartiker Esneki Zentroa ere. Hitzorduak Euskal Herrian ekoiztutako gazta eta esneki mota guztiak ezagutzeko eta dastatzeko aukera eskaini zuela azaldu dute.
Bestalde, Markina-Xemeingo Baskaranek World Cheese Awards sariketan urrezko sari bat eta brontzezko bi eskuratu ditu: brontzezko sari bat gazta zaharragaz (gazta krema) lortu dute, beste brontzezkoa Baskaran Igotz gaztagaz (erdi ondua) eta urrezkoa ondutako gaztagaz (azal naturala duena). Ez da lehen aldia Baskaran produktuek mundu mailako txapelketa horretan saria lortzen dutena; 2019an brontzezko bi sari eskuratu zituzten, eta 2016an Supergold Saria eskuratu zuten.
Azaldu dute aurreko urteetan izendapenetik (denominaziotik) parte hartu izan dutela txapelketan. “Aurten, baina, guk izena eman behar izan dugu. Paper asko bete eta aurkeztu behar izan ditugu, eta gaztak ere bidali egin genituen”, azaldu du Bidane Baskaranek. “Ez ginen heldu Tolosan egindako Esnekien Txapelketara aurkeztera, baina azaroaren 6an Zamudion egin zen nekazal azokan 1. saria eskuratu genuen, eta azaroaren 1ean Turtziozen ospatutako Gazta Egunean 2. saria”. Hori gutxi ez eta Zallako Baserritarren Azokan (urriak 3) ere beste lehenengo sari bat eskuratu zuten.
Aurtengo mundu mailako txapelketan 42 herrialdetako 4.000 gazta baino gehiago batu dira. Epaimahaia 250 pertsonak osatu dute eta sariak ematerakoan ondokoa eduki dute kontuan: gaztaren azala, gorputza, tonalitatea, testura, sendotasuna eta zaporea.
[ESKAERAK BASKARAN: 665 74 15 07- baskarangaztak@yahoo.es ]