Azaroko merkatu txikia, Mutrikuko Beheko Plazan
Zapatuan egingo den merkatuan hestebeteak dastatzeko aukera egongo da.
Zapatuan [azaroak 12] egingo dute azaroko Merkatu txikia Mutrikun, 09:00etatik 14:00etara. Ohi legez, herriko ekoizleen produktuak egongo dira salgai: Ekoalboraz eta Ibiri baserrietako barazkiak, Ondare mermelada eta barazki kontserbak, Zortziko artisau eztia eta sari ugari bereganatu dituen Goienetxeren artzai gazta. Horiekin batera, Berriatuko Ikatza baserriko produktuak egongo dira, eta Amaia Aberasturi artisauak ere ipiniko du erakusmahaia.
Hitzorduaren berrikuntza hestebete dastaketa izango da, hain zuzen ere, 12:00etatik 14:00etara bitartean egongo baita aukera hestebete ezberdinez gozatzeko. Horrez gain, Mutrikuko Institutuko DBH4 mailakoek pintxoak salgai jarriko dituzte, ikas bidaiarako dirua lortzeko asmoz.