Artibai egoitzako hiru garbitzaileri "toxikotasunaren plusa" ordaintzea berretsi du auzitegiak
EAEko Auzitegi Nagusiak Eulen enpresak sartutako errekurtsoaren epaia jakinarazi du asteon: Toxikotasuna kontuan hartuz, hiru langile horiei %20ko soldata igoera ezartzera behartu du enpresa.
LAB sindikatuak azaldu duenez, Ondarroako Artibai egoitzan lan egiten duten Eulen enpresako hiru garbitzailek enpresa salatu zuten 2021. urtean euren lanpostuaren balorazio orokorrean edo soldatan ez zelako toxikotasuna kontuan hartzen. Lan-arloko epaitegian aurkeztutako salaketa hori irabazi zuten langileek, baina enpresak errekurtsoa aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, eta, orain, azken horrek berretsi egin du lehenengo sententzia hura.
Sindikatuak azaldu du toxikotasuna “kutsatzeko arriskuari” dagokiola. “Egoiliarrak gaixorik daudenean, aparteko larritasunik ez bada, egoitzan bertan artatzen dituzte. Baina gaixotasun batzuk kutsakorrak dira eta, ondorioz, langileek kutsatzeko arriskua edukitzen dute”. Azaldu dute egoitzan lan egiten duten udaletxeko langileek arrisku hori jasota daukatela euren lanpostuaren balorazio orokorrean, baina garbitzaileek ez. “Eulen enpresak ez du arrisku hori kontuan hartzen eta, ondorioz, langileek ez dute plus hori kobratzen”.
Errekurtsoa irabazita, auzitegiak langile horiei %20ko soldata igoera ezartzera behartu du Eulen enpresa. “Igoera hori arrisku horren plusa litzateke”. Dena dela, enpresak bigarren errekurtso bat aurkezteko aukera daukala esan dute. “Espainiako Auzitegi Gorenean bigarren errekurtso bat sartu ahal du enpresak. Beraz, pozik gaude errekurtsoa ere irabazi dugulako, baina zuhurtziaz jaso dugu albistea”. Eulen enpresak 10 eguneko epea dauka Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkezteko.