Fran Garagarza mutrikuarra, Lopetegiren aholkulari Premierreko erronka berrian
Julen Lopetegik Ingalaterrako Wolverhampton taldearen gidaritza hartu du, eta atzo [azaroak 10] jakinarazi zuen nortzuk osatuko duten bere talde teknikoa. Besteak beste, Fran Garagarza mutrikuarra izango du aholkulari tekniko.
Emaitza txarrak zirela eta, Sevillak kargutik kendu zuen Julen Lopetegi. Orain, baina, asteasuarrak Premierreko talde bat zuzenduko du: Wolverhampton. Astelehenean [azaroak 14] hasiko da lanean talde horretan, Munduko txapelketak behartutako geldialdia aprobetxatuta.
Dena dela, lanean hasi aurretik, bere talde teknikoa zein izango den zehaztu du Lopetegik; sei pertsonek osatuko dute berarekin eskuz esku lan egingo duen taldea eta, besteak beste, Fran Garagarza mutrikuarra dago tartean. Garagarzak aholkulari teknikoa izango da.
Mutrikuarra 14 urtez aritu da Eibarren; iazko udan atera zen taldetik. Urtebete futbol mundutik bat aldenduta egin ondoren, azken hilabeteetan zenbait kluben izenekin lotu izan da Garagarza. Azkenean, baina, Wolverhamptonen ariko da. Lopetegiren modura, Garagarza ere estreinakoz ariko da Premier League txapelketan.
Garagarzagaz batera, Sevillan aritu diren Pablo Sanz eta Juan Peinado teknikariek eta Oscar Caro prestatzaile fisikoak Lopetegiren alboan jarraituko dute lanean. Emakumezkoen West Ham taldean teknikari laguntzaile izan den Edu Rubio eta Dani Lopetegi analistak osatuko dute talde teknikoa.