Ondarroatik autobusa egongo da Uemak antolatutako Gazteok Arnas Egunera joateko
Uemako ordezkariek esan dute Larrabetzuko gazteekin batera antolatu dutela jai eguna. Azaroaren 21a da izena emateko azken eguna.
Udalerri euskaldunetako gazteen harremanak saretzeko eta sendotzeko eguna izango da azaroaren 26an Larrabetzun ospatuko den Gazteok Arnas Eguna. Eta hara joateko Ondarroatik autobusa egongo dela esan du Uemak. Autobusean izena emateko galdetegi bat bete eta 15 euro ordaindu behar dira; azaroaren 21a da izena emateko azken eguna.
Ospakizunaren jatorria. Azaldu dutenez, Salto udalekuen ostean sortutako harremanetatik sortu da egun osoko topaketa egiteko asmoa, eta bertan, udalekuetan parte hartu zuten gazteak zein udalerri euskaldunetako gazteak elkartzea da asmoa.
Uemako ordezkariek esan dute Larrabetzuko gazteekin batera antolatu dutela jai eguna. Besteak beste, tailerrak, ekitaldia, bertso bazkaria, Zo-Zongó perkushow taldearen emanaldia, Nahia Novo DJa, Kuluxka Klan eta beste hainbat ekintza egongo dira aukeran.
EGITARAUA (azaroak 26, Larrabetzun):
- 11:00: Ongi etorria herriko plazan.
- 11:30: Tailerrak (zirku tailerra, horma irudi margoketa, ibilbidea herrian zehar)
- 13:30: Ekitaldia
- 14:30: Bertso bazkaria
- 17:00: Zo-Zongó perkushow taldea
- 19:00: Kontzertuak Hori Bai gaztetxean: Kuluxka Klan eta Nahia Novo DJa