Izarren gauak emango dio amaiera Jai Alai World Tourrari
Barikuan, 19:30ean hasita, Izarren gaua egingo dute Bilboko Club Deportivo frontoian. Olharan eta Lopez Erkiaga eta Etxetoren kontra neurtuko dira, gizonezkoetan; emakumezkoetan, ostera, Merino eta Aldazabal Lizardi eta Arakistainen kontra ariko dira.
Bilboko Club Deportivo pilotalekuak Jai Alai World Tourreko azken txanpa hartuko du: Izarren Gaua jaialdia. Gaur goizean aurkeztu dute barikuan lehiatuko duten ekitaldia. Jai Alai World Tourrek sekula izandako zirkuiturik arrakastatsuena izan da aurtengoa: 4 Grand Slam lehiatu dituzte (Donostiakoa, Markina-Xemeingoa, Hondarribikoa eta Gernika-Lumokoa), eta guztietan frontoiak ikuslez lepo bete izan dira.
Aurtengo denboraldiko lau puntistarik erregularrenek edukiko dute Bilbon zein baino zein gehiago neurtzeko aukera: Jean Dominique Olharan paubetarra eta Imanol Lopez zumaiarra Aritz Erkiaga ispastertarraren eta Nicolas Etxeto bidartarraren kontra ariko dira. Partidu hori orduko, baina, beste bat ere jokatuko dute: emakumezkoen txanda izango da: Naroa Merino eta Maialen Aldazabal Eneritz Lizardiren eta Ihart Arakistainen kontra neurtuko dira, 19:30etik aurrera.
Gaur goizeko aurkezpen agerraldian, jaialdiaren antolatzaileek Bilboko zesta-punta “berpizteko gogoa” plazaratu dute, eta “pozarren” agertu dira Bilbokoa bezalako frontoi bat “zesta-puntaren olatura biltzeaz”. Era berean, azaldu dute Joxe Felipe Auzmendi izango dela aurkezle lanak egingo dituena.