Hondakin organikoekin sortutako konposta banatuko dute astelehenean Mutrikun
Eulogio Ulazia kalean egingo dute konpostaren banaketa, 09:30etik 13:00etara. Lorontzi biodegradagarri txiki bat ere emango dutela esan du Debabarreneko Mankomunitateak.
Hondakinen kudeaketa egokiari buruz kontzientziatzeko, Hondakinak Prebenitzeko Astea ospatuko da Europa osoan azaroaren 19tik 27ra bitartean. Horren harira, Debabarreneko Mankomunitateak hainbat ekintza egingo ditu eskualde mailan, eta horietako bat da hondakin organkoekin sortutako konposta banatzea.
Mutrikun astelehenean [azaroak 21] banatuko dute, 09:30etik 13:00etara, Eulogio Ulazia kalean. Konpostarekin batera, lorontzi biodegradagarri txiki bat ere emango dutela esan dute. “Petunia hazi batzuekin batera emango dugu lorontzia. Horrekin erakutsi nahi dugu hondakinak egoki birziklatuz gero bigarren bizitza bat ematen zaiela”.
Konposta banatzerakoan, bi ingurumen hezitzaile egongo direla zehaztu dute. “Ingurumen hezitzaileek herritarrek hondakinen inguruan izan ditzaketen zalantzak argitu eta hondakin bakoitza modu egokian birziklatzeko informazioa emango dute”.
Ondo birziklatzea, guztion onura izenburupean, Debabarreneko Mankomunitateak hondakinak egoki sailkatzearen garrantzia azpimarratu nahi du. “Kanpainarekin gizartera beste ikuspegi batetik hurbildu nahi dugu, hondakinak modu egokian sailkatzeak guztiontzako eta norberarentzako dakartzan onurak plazaratuz, hausnarketa areagotzeko eta ohitura aldaketak eragiteko”, esan du Iosu Arraiz mankomunitateko presidenteak.
Kartel horiak ere ipiniko dituzte eskualdeko herrietan, udalerri bakoitzeko gaikako bilketa tasaren ehunekoa eta biztanle bakoitzeko zenbat kilo hondakin birziklatzen den zehaztuz
Onura ekonomikoa. Hondakinak egoki birziklatzearen beste onuretako bat ekonomikoa dela esan dute. “Hondakin bakoitzari ematen zaion trataerak ondorio ekonomikoak ditu”. Adibidez, diotenez, hondakin guztiak errefusaren edukiontzira bota beharrean ontzi horira (plastikoa), urdinera (papera/kartoia) edota berdera (beira) botako balira, mankomunitateak tona bakoitzeko 189,13 euro aurreztuko lituzte. Eta biohondakinei modu egokian birziklatuz gero, tona bakoitzeko 47,28 euro aurreztuko liratekeela zehaztu dute.
Herritarrak onura ekonomiko horretaz jabetzeko, herrietako informazio paneletan hori koloreko kartel deigarriak ipiniko dituztela esan dute. “Kartel horietan hainbat datu erakutsiko dira: Mankomunitateak Gipuzkoako datuekin alderatu ditu eskualdeko udalerri guztiak. Hala, udalerri bakoitzeko gaikako bilketa tasaren ehunekoa eta biztanle bakoitzeko zenbat kilo hondakin birziklatzen den agertuko da, kasu bakoitzean zer hobetu behar den ikusarazteko”. Horrez gain, hondakinak egoki birziklatuz gero aurreztuko litzatekeen diru kopurua ere jakinaraziko dela diote.