Markina-Xemeinen erabakiko da Euskadiko 2. mailako aizkolaririk onena nor den
Euskadiko 2. mailako aizkolari txapelketako finalak lehiatuko dituzte domekan, 12:15ean hasita, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan.
Domekan [azaroak 20], Markina-Xemeingo Uni pilotalekuak Euskadiko 2. mailako aizkolari txapelketako finalak hartuko ditu. 12:15ean emango diote hasiera ekitaldiari. Gizonezkoen lehian, aizkolariek sei pago enbor ebaki beharko dituzte: kanaerdi bi (54 ontza), enbor bi (60 ontza) eta oinbiko bi (72 ontza). Sei parte-hartzaile ariko dira zein baino zein gehiago: Iker Vicente, David Naredo, Andoni Iruretagoiena, Suharri Rodriguez, Julen Gabirondo eta Aritz Irazabal.
Emakumezkoen lehiari dagokionez, hiru kanaerdi (54 ontza) moztea izango da, eta hiru izango dira txapelketaren lehian ibiliko diren aizkolari finalistak: Irati Astondoa, Laiene Pikabea eta Nerea Sorondo. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, bai gizonezkoen, bai emakumezkoen probetako beroketa saioetarako egurrak federazioak ipiniko ditu. Amaitzeko, aurreratu dute arrazoi edota ziurtagiri barik lehiaketara aurkezten ez den aizkolaria diziplina organora bideratuko dutela.
Markina-Xemeingo herritarrentzat sarrera doan izango da, eta herritar ez direnentzat 10 eurokoa. ETBko kameretatik ikusi ahalko da.