EH Bilduk Ondarroako Berdura Plaza eraberritzeko 500.000 euro bideratzea lortu du
Koalizioak Espainiako 2023ko aurrekontu orokorraren negoziazio markoan lortu du Ondarroara diru sail hori bideratzea.
EH Bilduk Ondarroako Berdura Plaza eraberritzeko 500.000 euro bideratzea lortu du Espainiako Gobernuaren 2023ko aurrekontu orokorraren negoziazioan. Atzo [azaroak 22] eman zituen ezagutzera negoziazioaren ildo eta lorpen nagusiak Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaileak, eta gaur [azaroak 23] zehaztasun gehiagoz jakin ahal izan dira lorpenak; koalizioaren eskariek aurrekontu orokorretik Hego Euskal Herrirako 480.466.000 euro gehiago izatea lortu da.
500.000 euroko diru saila Berdura Plazako gune komertziala eraberritzera bideratuta dago, beharrezkoak diren baldintza guztiak betez, eta gaur egungo beharrizanetara egokituz, herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko. Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak pozez jaso du albistea, eta herriarentzat jauzi kualitatiboa suposatuko duela adierazi du: “Bagenekien partida hori Ondarroara ekartzea oso garrantzitsua zela, eta azkenean lortu dugu. Horri esker Berdura Plaza berritu eta hainbat helburu beteko ditugu, alor desberdinetan: eremua berritzea, saltzaileen baldintzak hobetzea, bertoko produktuei garrantzia gehiago ematea, zero kilometroko elikadura sustatzea (herriko arrantzale eta baserritarrak), lehen sektoreari bultzada ematea… ez da hirigintza arloko inbertsio soil bat izango”.
Berdura Plazak beste erabilera batzuetarako gaitasuna edukitzea ere bada Ondarroako EH Bilduren asmoa, eta horretara ere bideratuko da dirua. “Berdura Plaza bizi bat nahi dugu, alde batetik, goizetan saltzaileak, erosleak eta produktuak erdigunean ipintzen dituena, eta, bestetik, arratsaldez beste jarduera batzuk egitea ahalbidetuko duen eremu estalia herriaren erdigunean edukitzea. Tokikoa balioan jartzeko erdigune eta bilgune izan behar da etorkizuneko Berdura Plaza”.