Garaipenagaz amaitu du MX3T taldeak Euskal Herriko 32. Hiru Txirlo Txapelketa
Jose Angel Ogizak eta Enara Montiel gailendu dira Euskal Herriko 32. Hiru Txirlo bola joko Txapelketan. Azken proba Etxaguengo Orixol elkartearen egoitzan egin dute. Markina-Xemeingo MX3T B taldea gailendu da taldekako sailkapenean.
Zapatuan Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketa amaitu zen, Etxaguenen. Bola joko txapelketaren 32. aldia izan zen Orixol elkartearen egoitzan egin zutena. 73 bolarik parte hartu zuten, giro ederrean. Emakumezkoen artean, Enara Montielek, Aitziber Olaizolak eta Eli Egiak osatu zuten podiuma; hurrenez hurren, hamalau, hamahiru eta hamabi txirlo eskuratu zituzten. Gizonezkoen artean, sailkapen orokorra Jose Angel Ogizak poltsikoratu zuen, 28 txirlogaz; bigarren postuan, 25egaz, Santos Nuñez sailkatu zen; podiumean hirugarrena Sebastian Aranzabal izan zen, 23 txirlo lortuta. Ogiza, gainera, nagusien artean ere onena izan zen.
Alebin zein gazte sailkapenak ere egon ziren: alebinetan, Ander Unamuno irabazleak bi txirlo eskuratu zituen; gazteen artean, ostera, Kepa Rodriguez izan zen onena, seigaz. Bestalde, bikoterik onena ere saritua izan zen. Berriro ere, Ogizak irabazi zuen, Fidel Madariagagaz batera; 48 txirlogaz. Bigarren postuan gizonezkoen hirugarren sailkatuak, Aranzabalek, eta Jose Antonio Nuñezek osatutako bikotea izan zen, 45egaz; podiuma Bittor Astigarragak eta Bittor Ugarteburuk osatu zuten, 40 txirlogaz.
Lurraldeko sailkapenei dagokienez, Bizkaikoa Boni Plazak irabazi zuen, 57gaz, eta Gipuzkoakoa, ostera, Garikoitz Rodriguezek, 49gaz; Bizkaiko Bolari Onenaren Saria Markina-Xemeingo Udalaren eskutik eman zuten. Taldeka, aldiz, Lea-Artibaikoak nagusi izan ziren. MX3T klubeko B taldea gailendu zen, 81 txirlogaz; bigarren postuan, 78gaz, San Migel klubeko A taldea sailkatu zen; hirugarren, berriz, MX3Tko A taldekoak, 77gaz.
Aurtengo Hiru Txirlo Bolo Jaurtiketa Txapelketa, antolatzaileen arabera, “oso arrakastatsua” izan da. Azaldu dute jaurtialdi bakoitzean 70 bolari inguru elkartu direla, eta txapelketa aurrera ateratzeko esfortzua egin dutenei “eskerrik beroenak” eman dizkiete.