Santa Katalina Jaiak ospatuko dituzte Gizaburuagan
Ohiko ekintzez gain, Xabier Amurizaren hitzaldia eta Bocabits komediaren ikuskizunagaz osatu dute egitaraua.
Gizaburuagatarrak prest daude herriko beste jai nagusietan murgiltzeko. Santa Katalina eguna bihar izanik, barikuaz gain, zapatuan ere ekintzak egingo dituzte herrian.
Barikuan [azaroak 25] mezagaz hasiko dute eguna, eta iluntzean berriz, Apaiz Kartzela filmaren proiekzioa burutuko da udaletxean. Filmak Zamorako apaiz-espetxean (1968-1976) preso egondako lau apaizen istorioak biltzen ditu; zenbait kasutan, hamar urte baino gehiagoko zigorra ezarri zieten, frankismoaren errepresioa mezetan salatzeagatik. Filma ikusi ostean, Xabier Amurizak hitzaldia eskainiko du.
Zapatuan [azaroak 26] berriz, gaztetxoentzat ezinbestekoa bihurtu den Barraskilo lasterketagaz emango diote hasiera egunari, ludoteka aurrean. Lurrean propio margotutako ibilbidea azkarren burutzen duen barraskilorik arinenak irabaziko du lasterketa.
Eguerdian, ohitura zaharrei eutsita, herritarrak mahai inguruan biltzeko unea izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, gaur gaurkoz 45 lagunek (7 ume eta 38 nagusi) eman dute izena herriko bazkarira joateko. Izena eman nahi dutenez, udaletxean egin beharko dute. Urtero modura, lehenengo umeen txanda izango da, eta ostean, nagusiak jarriko dira mahaiaren bueltan. Bazkariagaz gain, beste hainbat ekimen ere prestatu dituzte Olazar Kultur Elkarteko kideek; bazkalosteko orduak udal aretoan egingo den ludotekan jolasean igarotzeko aukera izando dute txikienek. Helduek ere entretenitzeko aukera edukiko dute; Bocabits umorista bikotearen ikuskizuna edukiko baitute.
EGITARAUA
Bihar [azaroak 25]. Santa Katalina Eguna
- 11:00. Meza, Santa Katalina elizan.
- 19:00. Apaiz Kartzela filmaren proiekzioa, Udaletxean.
- Ondoren. Xabier Amurizaren hitzaldia.
Zapatua [azaroak 26]
- 12:00. Barraskilo lasterketa, ludoteka aurrean.
- 13:30. Txikiteoa (Tabernatik txokora eta buelta)
- 14:00. Umeen herri bazkaria.
- 15:00-19:00. Umeentzako josalak, ludotekan.
- 15:00. Helduen herri bazkaria.
- 17:00. Bocabits komedia.