Zapi morez jantzi da Berriatua
Goizetik abiatu den azokak jendetza batu du. 350 lagun batu dira herri bazkarian.
Herriko jairik kuttunena eta herrikoiena ospatu dute gaur [azaroak 26] berriatuarrek: Erroak Loran. Goikolau Kultur Elkarteak bultzatutako jai egunak herritar nortasuna festa giroan aldarrikatzea du helburu, eta gaur ere helburu horri eutsita murgildu dira ospakizunetan.
10:00ak emanaz batera zabaldu dute azoka. Animaliak, elikagai azoka, taloak, artisauak… guztiak bat eginik herriko plaza zein frontoian punta puntako giro ezarri dute, eta jendeak ez du hutsik egin. Jendetza batu da Berriatuan, bertokoak eta inguruko herrietakoak, eguraldia lagun izanik, eguerdi ederra osatu dute. Talo eginean ibili direnak ere ez dute atsedenik izan, ezta ere produktuak saltzen egon direnak. Plazan zaldiak, pottokak, behiak, idiak, astoak, antzarrak eta mundu guztiko hegaztiak ikusteko aukera izan dute hurbildu direnek; Kika oiloa, Karolina ahatea, Antzar Indikoa eta Orpington oiloa, ikusgai egon diren guztien arten lagin txiki bat besterik ez dira izan.
Urtero modura, herritarrak Mendibarren frontoian egin duten bazkari erraldoian batu dira. Antolatzaileek eman dituzten datuen arabera, 350 lagun batu dira mahaiaren bueltan giro ezin hobean, zapi moreak jantzita. Goizetik giroa puntakoa izanik, berriatuarrak ziurtatuta dute eguneko ospakizunak. Arratsaldean, festa giroan jarraituko dute, erromeriagaz.