Etxebizitzen arazoa salatu du Ondarroako Ernaik
Arazoaren larritasuna erdigunean jarri, eta Ondarroan 611 etxebizitza huts daudela adierazi dute.
Ondarroan 611 etxebizitza hutsik daudela salatu du Ondarroako Ernaik: “611 etxe hutsik herrian, eta bitartean zenbat gazte etxe barik?”
Ikasturteko aurkezpenean adierazi zuten etxebizitzaren arazoa lan ildo nagusietako bat izango zela, eta hain zuzen ere, arazo horri heldu diote herriko egoera erdigunean jarriz: “Etxebizitza eskubide bat izatetik urrun amets bat bihurtu da gazteontzat”. Aldarrikatu dutenez, egoeraren larritasunaz ohartzeko herriaren egoerari begiratu behar zaio : “Okupaziorako arazoak, alokairuen falta, pisu turistikoen gorakadak eta etxebizitzen salerosketa prezio onartezinak”.
Herriko etxebizitza hutsei buruzko datuak eman dituzte, 611 etxebizitza huts daudela esanez: “Erribera kalean, Harategi kalean, Iperkalen, Iparragirre kalean, Kaleandin, Nasa kalean, Sabin Arana kalean eta Txomin Agirre kalean 175. Antiguako Ama kalean, Artabiden, Egidazu Kaian, Itsasaurre plazan, Kafeatzen, Kantoipe kalean eta Zubiaurre Anaien kalean 153. Artibai kalean, Ikastola kalean, Kamiñalde kalean eta Iñaki deunan 124. Magdalena kalea, San Juan Txurrun, Txorierrekan eta Zaldubiden 73. Errenterian, Goimendin eta Gozikan auzoetan 16. Kamiñazpin, 71“.