Thomas Urrutiak eta Aimar Aldazabalek Xabi Barandikaren eta Unai Lekerikaren aurka 2-0 galdu dute Jai Alai Winter Seriesko partidua. Txarto hasi arren, egoerari buelta ematen asmatu dute, baina ez da nahikoa izan irabazteko. Porrot horregaz, Urrutia eta Aldazabal lehiaketatik kanpo geratu dira.
Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrek Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketako hautagai nagusietako batzuk direla berretsi zuten atzo, zesta-punta txapelketako bosgarren jardunaldiko partiduan. A multzoko partidua izan zen, eta multzoko lidertzan dagoen bikoteak azken postuan daudenak eduki zituzten aurrez aurre: Pro Am lehiaketa irabazi duten Thomas Urrutia donibanegaraztar gaztea eta Aimar Aldazabal berriatuarra. Garaipen horregaz, Barandikak eta Lekerikak ia ziurtatuta daukate txapelketako hurrengo fasera sailkatzea. Gernika-Lumoko puntista bikotearen garaipenaz gain, atzoko protagonista nagusia Urrutia izan zen: bigarren setean erakustaldia eman zuen, eta partidua berdinketa haustera eroateko puntuan egon zen bere jokaldiekin.
Argazkia: Andoni Iparragirre/Guk Jai Alai.
Jai Alai pilotalekua jendez lepo agertu zen beste astelehen buruzuri batez; 1.500 ikusle bertaratu ziren ligaxkako partidua ikustera. Hurrengo asteko partidurako, gainera, ia sarrera guztiak salduta daude, norgehiagoka zutik ikusteko sarrerta gutxi batzuk baino ez baitaude salgai. Giro bikain hori lagun, partidua maila handiagaz eta, batez ere, berdintasunagaz abiatu zen: 3-3. Jarraian, baina, bikote urdinak gauzak errazegi utzi zizkieten etxeko pilotariei; Barandikak eta Lekerikak eraginkortasun handiagaz lortu zuten 14-4koa. Lehendabiziko setaren amaieran, baina, aldaketaren estreinako zantzuak erakutsi dituzte Urrutiak eta Aldazabalek: lau tanto egin dituzte segidan, aurpegia erakutsiz, eta, besteak beste, Donibane-Garaziko aurrelariak urrunetik egindako errebeskada sendo bategaz. Seta 15-8 amaitu zuten.
Argazkia: Andoni Iparragirre/Guk Jai Alai.
Iraultza urdina. Bigarren setaren hasieragaz, Urrutiaren eta Aldazabalen erakustaldia ailegatu zen Jai Alaira. Bikote urdinak bestelako irudia erakutsi, eta partiduaren kontrola hartu zuten. Gainera, Barandika ez zen lehen setean bezainbesteko fin ibili sakeekin, eta hori beren alde baliatu zuten Urrutiak eta Aldazabalek. Aurrelari gazteak denetariko moldez amaitu zituen tantoak: alboz, barrualdetik, errebesez… Behin norgehiagokari neurria harturik, urdinak beren aukerengan sinesten hasi ziren, eta 4-8ko markagailuagaz iritsi ziren atsedenaldira. Etenaldi horrek partiduan beren burua atzera kokatzeko eta egoera iraultzeko balio izan zien Barandikari eta Lekerikari. Gernika-lumotarrentzat oso garrantzitsua zen 2-0 irabaztea, hurrengo faserako sailkapenari begira ahalik eta alderik erosoena edukitzea ziurtatze aldera; intentsitate handiagoagaz hartu zuten jokoa, eta 10-10eko berdinketa ezartzea lortu zuten.
Dena dela, Urrutiak eta Aldazabalek ez zuten amore eman, eta beren abiadura itogarriari eutsi zioten. Markagailuak, setaren azken txanpan, dantza egin zuen uneoro: 12-13, 13-13, 13-14. Ikusleek, etxeko puntistek jokatu arren, berdinketa haustera joatea eta ikuskizunak aurrera egitea eskatzen zuten. Lekerikak aurkarien erasoaldien kontrako defentsa lan sendoa egin zuen, 14-14kora iristeko; azken tantoan erabakiko zen etxekoen garaipena edota hirugarren seta egin beharra. Azken jokaldi hori piloteoagaz ipini zuten abian; Barandikak, errebeskadaz, atzera bidali zuen; Urrutia ez zen gai izan errebotera heltzeko. Garaipen garrantzitsua, estua eta ederra lortu zuten Barandikak eta Lekerikak, beharbada, taldeko azken bikotearen kontra uste zutena baino egoera gaitzagoak igaro ostean.
Argazkia: Andoni Iparragirre/Guk Jai Alai.
Gernika-Lumoko bikoteak ia ziurtatuta du hurrengo faserako sailkapena. Hori bai, partidu bat falta zaie, eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango, txapelketaren garaipenaren lehian ibiltzeko moduko beste bikote bat edukiko baitute aurkari: Thibault Basquek eta Nicolas Etxetok osaturikoa. Urrutia eta Aldazabal, ostera, Jai Alai Winter Seriesetik kanporatuta geratu ziren atzo.