Bizi-bizi dator Mutrikuko 18. Abendurock
Zazpi talde igoko dira Mutrikuko Gaztetxeko oholtzara abenduan. MRK Gaba berreskuratuko dute; abenduaren 17an egingo dute. Antolatzaileek nabarmendu dutenez pozik daude osatu duten egitarauarekin.
Mutrikuko Rock Kolektiboko eta Gaztetxeko kideen eskutik ate joka dator 18. Abendurock jaialdia. Barikuan [abenduak 2] hasi eta abenduaren 30era bitartean zazpi talde oholtzaratuko dira Mutrikuko Gaztetxean; Hilbera, Anker, Keike, Habi, Etxekalde, Iluma eta Pleura. Antolatzaileek nabarmendu dutenez pozik daude osatu duten egitarauarekin.
Azken urteetako ildoari jarraituz irizpide zehatzen arabera prestatu dute egitaraua: “Hizkuntza (talde guztiak kontuan hartuta %90-100 euskaraz izatea), lurraldetasuna, parekidetasuna, musika estilo aniztasuna, eta batez ere, sortzaile berri/gaztei plaza eskaintzea dira gure irizpideak”.
Aurtengo aldaketen artean sarrera borondatea izango dela aipatu dute. “Zalantza asko izaten ditugu sarreraren kontuarekin, hasiera batean doan ziren, urteren batean 5 eurotan jarri genituen. Kultura doan eskaintzeko aukera eman nahi izan dugu beti, baina balioan jarriz. Hortaz, aurten borondatea eskatzea iruditu zaigu aukera onena”. Bestalde, berrikuntza azpimarragarri dute Abendurockerako Gaztetxearekin batera sortutako erasoen aurkako protokoloa: “Ez dugu inolako erasorik onartuko!”.
Barikuan [abenduak 2] hasiko dira kontzertuekin, Hilbera (Markina-Xemein) eta Anker (Legazpi) iaz eta aurten argitaratutako lanak aurkeztuko dituzte Mutrikun. Hurrengo hitzordua talde ondarrutarrarentzat izango da, Keike. “MRK-ko entsegu geletan ondu duten egiten dabiltzan bira, eta azkenengo geldialdietako bat Mutrikun egingo dute”.
Abenduaren 17an MRK Gaba berreskuratuko dute, azken bi urtez ezin izan dute aurrera eraman, baina aurten gogotsu datoz. “Ohiko taldekideak elkartuta edota MRK-ko kideak nahastuta bertsioak jotzera igotzen gara oholtzara, gau izugarria izaten da guretzat”. Hala ere, aipatu dutenez, beste norbaitek zerbait jo edo abestu nahiko balu aukera izango du.
Abenduaren 23an Habi eta Etxekalte taldeen unea izango da. Bi taldeek ondo ezagutzen dute elkar, eta zenbait abesti elkarrekin grabatuta dituzte, hortaz, “ziur gau berezia izango dela”. Azken kontzertuak Pleura talde nafarra eta Iluma talde lapurtarrarenak izango dira, abenduaren 30ean. “Iparraldeko ordezkaritza ezinbesteko bihurtu da gure neguko musika gaualdietan”. Musikarekin zerikusi estua duen urteroko film edo dokumentalak ere ez du hutsik egingo; Itoiz taldeari buruzko Iker Treviñoren dokumentala eskainiko dute.
EGITARAUA:
- Abenduak 2. 22:30. Hilbera eta Anker.
- Abenduak 4. 18:00. Itoiz Iker Treviñoren dokumentala.
- Abenduak 9. 22:30. Keike.
- Abenduak 17. 22:30. MRK Gaua.
- Abenduak 23. 22:30. Habi eta Etxekalte.
- Abenduak 30. 22:30. Iluma eta Pleura.