Iñigo Urrutikoetxea Ekintza klimatikoaren teknikariak eskainiko du Ekologia jardunaldien azkenengo saioa.
Mutrikuko Udalak antolatutako Ekologia Jardunaldien azkenengo saioa burutuko da bihar [abenduak 1], 19:00etan, Zabiel kultur etxean. Herriko berdeguneen funtzioak erdigunean jarriko dituen Berdeguneen funtzioak hiri barnean hitzaldia izango da hiru jardunaldiak borobilduko dituen azken saioa, eta hain zuzen ere, Iñigo Urrutikoetxea Ekintza klimatikoaren teknikaria Ihobe-n izango da bideratzailea.
Antolatzaileek aditzera eman dutenez hausnarketarako baliogarria izateko asmoz antolatu dute saioa: “Gure gizartea gero eta zaharrago bihurtzen ari den garai hauetan gero eta beharrezkoagoak bihurtzen ari dira horrelako eremuak, gainera berdeguneak adin desberdineko elkargune ezin aproposagoak dira. Ikerketa ugari daude parkeak gizakion osasun fisiko, eta baita mentalean ere, dakarten onurak azaltzen dituztenak. Horregatik herrietako planifikazioan tamaina egokia eta irisgarritasuna duten parkeen funtzioak kontuan hartu beharko lirateke, horien kokapen egokienak aukeratzeko azkeneko aukera izango delako”.
Gaineratu dutenez urbanizatzearen aurrean “herri bueltako eraztun berdeak planifikazioan itsastea gero eta arruntagoa bihurtzen ari da Gipuzkoako planifikazio berrietan”.