Amandarri Triatloi Elkarteak denboraldiaren balorazio positiboa egin du
Amandarri Triatloi Taldeko partaideek elkarte nahiz talde legez baloratu dute aurtengo duatloi eta triatloi denboraldia. Kirol alorrean, emaitza bikainak eskuratu dituzte. Elkarte modura, pozarren agertu dira funtzionamenduaz, eta etorkizunerako erronkak finkatu dituzte.
Amandarri Triatloi Taldeak aho zapore gozoz amaitu du aurtengo duatloi eta triatloi denboraldia. Euskal duatloi zein triatloi zirkuituan goiko kotan ibili dira. Otsail amaieratik urri hasierara artean lehiatu dute: otsailetik maiatzera artean, duatloi sasoia; maiatzetik urrira, triatloiena. Taldeko kideek emaitza bi nabarmendu dituzte: batetik, Zuian lortutako Euskal Herriko taldekako Duatloi Txapelketako bigarren postua; bestetik, Euskal Herriko Triatloi Zirkuituko azken sailkapenean lorturiko lehen postua. “Iraunkortasuna” azpimarratu dute taldetik: “Azken sailkapenean irabazteak esan gura du probaz proba modu lehiakorrean eta erregularrean ibili garela”.
Emaitzez harago, elkarteak “behar handia” egiten du aisialdi hutsagatik kirola egin gura dutenengana heltzeko, emakumezkoak duatloi eta triatloi mundura erakartzeko nahiz gaztetxoenekin harrobi lana hauspotzeko. “Gaztetxoenen hezkuntza eta formakuntza prozesuan eragin gura dugu; aisialditik oinarritzen gara, eta, lan gogorragaz, gazteoi beren maila handitzen laguntzen diegu, kategoriaz kategoria”, azaldu dute. Era berean, argitu dute elkartearen helburu nagusia emakumezkoen parte-hartzea sustatzen jarraitzea dela.
Izan ere, hasiak daude hari horri tiraka egiten; esate baterako, elkarte barruan emakume talde bat dagoela eta hilabetero korrikaldia, txirrindularitza saioa edota igeriketa sesioa egiteko geratzen direla azaldu dute, autonomia osoz. Hurrengo urratsak “emakume kopurua mardultzea, partaide direnak federatu bihurtzea eta lehiatzera animatzea” direla adierazi dute.
Bestalde Amandarri Herrikoia egitasmoa ere nabarmendu dute: Eguaztenero, kirolaz gozatu dutenei hitzordua proposatzen diete, taldean korrika egiteko. “Jendeari ez diogu inongo konpromisorik eskatzen, auzolanean aritzeko borondatea baino ez”, azaldu dute. Hain zuzen ere, kideek azpimarratu dute Amandarri barruko erabakiak “guztien artean” hartzen dituztela, eta elkarteak “hainbat talde txikiago” barnebiltzern dituela: “Batzuk triatloi eskolaz arduratzen dira; beste batzuk arropen kudeaketaz; horiez gain, lizentzien ardura daukatenak ere badaude.
Taldearen kirol emaitzak aintzat hartuta eta elkartearen funtzionamendua gogoan edukita, denboraldiaren balorazio “oso positiboa” egin dute Amandarrikoek. “Pozik gaude denon artean proiektua aurrera atera ahal izateaz eta egiten dugun guztia herritik eta herrirako dela sentitzeaz. Aurrerantzean, bide horretan jarraitzeko asmoa dugu”, adierazi dute.