Euskararen Egunean, herritik eta herrirako
Ispasterren herriko berba eta esaera zaharren bilketa egin dute, eta bildutakoak telazko poltsetan margotuko dituzte bihar. Lekeitioko Azkue Ikastolan ikuskizuna egingo dute gaur, eta Eusfamily kanpaina ere egin dute.
Lea-Artibaiko herriak euskararen erabileraren sustapenagaz loturiko egitasmoak bultzatzen dabiltza, Euskararen Eguna tarteko. Horren adibide argi bi Ispaster eta Lekeitio dira. Ispasterren, udalak herrian egun erabiltzen ez diren berba nahiz esaera zaharrak berreskuratzeko eta biltzeko saiakera egin du, herritarrekin hartu-emanean. Buzoi bat ipini dute, ispastertarrek tokian tokiko hitzak zein esaerak eta horien esanahiak bertan utz ditzaten. Herritarrek ez dute hutsik egin, eta 200 proposamenetik gora utzi dituzte buzoian; horiek guztiak batu, eta bilduma batean atonduko ditu udalak.
Era berean, bihar telazko poltsak diseinatzeko tailerra egingo dute. Parte-hartzaileek aukera edukiko dute bidalitako edota beraiek aukeraturiko berbak nahiz esaerak telazko poltsan idazteko. Ordubeteko hiru txanda antolatu ditu udalak: 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Ispastertarrek tailerra “begi onez” hartu dutela adierazi dute udaletik; izan ere, lehendabiziko txandarako lagun kopurua dagoeneko beteta dago.
Lekeitioko Azkue Ikastolan ikuskizuna egingo dute gaur, Euskararen Eguna dela-eta. HHtik DBHra arteko ikasleek mailaz maila parte hartuko dute; dantza, bertsoak eta musika nabarmenduko direla azaldu dute ikastolako arduradunek, eta argitu dute “euskararen eta euskal kulturaren aldarrikapenak” gailenduko direla. Bestalde, Guraso Batzordeak Eusfamily kanpaina ere sortu du, beren egunerokotasuna giro erdaldunetan egiten duten haurrak euskarara hurbil daitezen. Eusfamilyn parte hartu duten umeak astebetez familia euskaldunetan bizitzen egon dira, komunikazioa euskarazkoa izan dadin. Egitasmoan parte hartu duten familien gehiengoa, azaldu dutenez, atzerritarra izan da.
Ekimen horrek, beraz, “kulturen arteko zubi lana” egin du, haurren hizkuntza ohituretan eragiteaz gain. “Familia erdaldunetatik etorritako umeak hartu dituzten familiei haiek zelan tratatu erakutsi dien dekalogoa eman zaie, kanpainak bultzatu gura dituen balioak aintzat hartuz”, azaldu dute. Pantailak amatatu dituzte, mahai jokoak edo eguneroko elkarrizketak bultzatuz; asteburuetan irteerak antolatu dituzte, euskararen erabilera etxetik kanpo zabaltzeko. Haurrak eurak izan dira familia hartzailea aukeratu dutenak: “Lagunik minenen familietara jo dute gehienek, eta horrek asko erraztu ditu gauzak”. Gainera, udaberrian kanpaina horren bigarren saiakera egitera animatu dira familia gehiago.