Del Rio-Gonzalo eta Gorka-Johan, Berriatuko banakako final zortzirenak

Jon Zabala markina-xemeindarrak ezin izan zuen barikuan [abenduak 2] hurrengo kanporaketarako txartela eskuratu.

Jon Zabala eta Julen Del Rio. Argazkia: Mikel Plaza.

Berriatuko Udalak, herriko zesta eskolak, Jai Alive-Gernika Jai Alai enpresak eta Munduko Pilota Batzarrak laugarren urtez jarraian antolatzen duten banakako txapelketa hasi da. Barikuan [abenduak 2] eta zapatuan [abenduak 3] jokatu ziren lehen partidak Mendibarren frontoian. Aurretiazko lehiak izan ziren, final hamaseirenetakoak, abenduaren 16an sartuko dira izar nagusiak.

Barikuan [abenduak 2] bi partida jokatu ziren. Lehendabizikoan, Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Seriesen lehiatzen ari diren bi atzelari egon ziren nor baino nor gehiago: Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra eta Julen Del Rio. Orekatuta hasi zen partida lehen setaren erdira arte, 6-4 joan ziren. Baina gasteiztarrak bere eskuma indartsuarekin asmatzen hasi zenean tartea zabaldu zuen, kantxan eta markagailuan. Azkenean 12-9 nagusitu zen. Bigarren setean, gainera, pilota are gehiago bizitu zen. 5-4 joan ziren, baina sakeagaz min handia egin zuen Del Riok eta zazpi tanto egin zituen jarraian: 12-4.

Bigarren lehia berdintasun handiagokoa izan zen, Gonzalo Agirre Alex Goitiari 2-0 nagusitu arren. Zumaiarrak buruz-buru jokatzen dakiela erakutsi zuen, eskumarekin eman egiten dio, amaitzen abila da eta garrantzitsuena, pilota gutxi galtzen ditu. 7-8koarekin markagailuan azken bultzada eman zuen 7-12 gailentzeko lehen setean. Bigarren setean, gidoia errepikatu zen, 8-9tik 8-12ra.

Johan Sorozabal eta Cosme Agirre. Argazkia: Mikel Plaza.

Zapatuan [abenduak 3] Sorozabal anai biarriztarrak izan ziren protagonistak. Gorkaren lehen aldia zen Mendibarren frontoian eta ezin hobeto egokitu zen, oso ondo jokatu zuen. Errebesez ondo luzatu zuen Gorkak, txula bikain bilatu zuen, eta eskumagaz ere atzean jarri zuen pilota, eta zegokionean aurrean amaitu. Unax Vidalek lehen setean arazoetan sartu zuen, 12-10, baina gero esfortzu hori garesti ordaindu zuen bigarrenean, 12-3. Johan anaia gazteak ere maila bikaina erakutsi zuen. Errebesaz luzatu, eskumarekin pasatu eta aurrean ondo amaitu. Cosme Agirrek partida estutu zuen partidua uneren batean, baina beti atzetik joan zen. Azkenean, bi set eta huts: 5-12 eta 8-12.

Barikuko zein zapatuko irabazleek elkarren aurka jokatuko dute asteburuan. Hau da, alde batetik, Julen Del Riok eta Gonzalo Agirrek neurtuko dituzte indarrak, eta bestetik, Sorozabal anaiek. Hurrengo kanporaketan sartuko dira txapelketan oilar nagusiak.