Hainbat belaunalditako artistak batuko ditu Beikoziniren 'Kabareta Truá' ikuskizunak
Barikuan [abenduak 9] hasi eta urtarrilaren 8ra bitartean, sei emanaldi eskainiko ditu Ondarroako Beikozinik. Lan talde osoak ilusio eta borondate osoz prestatu du ikuskizuna.
Ondarroako Beikozinik ekoizpen propioko ikuskizun berria estreinatuko du barikuan [abenduak 6]: Kabareta Truá. Zehaztu dute ikuskizuna ez dela aurreko urteetan eskaini duten emanaldien errepikapena, ezta horien moldaketa bat ere. Nahiz eta formatua berdina izan, ikuskizuna goitik behera berria dela azpimarratu dute. «Aurretik etorri izan direnek ez dute berriro ere etortzeko beldurrik eduki behar», dio koreografiagaz arduratu den Ines Uriarte dantzariak.
Estreinaldirako egun gutxiren faltan, Beikozini antzoki baten atzeko aldearen adibide da: ikuskizuneko arropak alde batetik, aktore eta dantzariak bestetik, teknikariak dena egiaztatzen, zerbitzariak arropak probatzen… Eta guztiek dute irribarre bat ahoan. Izan ere, lan talde osoak lusio osoagaz prestatu du ikuskizuna.
Artisten uztarketa. Hain zuzen, ikuskizunaren ilusioa emanaldian parte hartuko duten artista berriak direla dio Uriartek. «Jende berria da, ondarrutarra, sekulako maila duena. Beti nahi izan dugu belaunaldi berriak ere taldera batzea, eta oraingoan lortu dugu. Hau, gainera, hasiera baino ez da. Asko gustatzen zaigu belaunaldi berriek nola lan egiten duten; ikusgarria izango da hemendik aurrera sortuko dena». Esan dute taula gainean ariko diren hainbat belaunalditako artisten uztarketatik ikuskizun polita atera dela. «Kabareta Truá hainbat belaunalditako artisten baturaren emaitza da. Batura horrek ikuskizuna asko aberastuko du», gaineratu du Fede Badiola aktoreak.
Herritarrak zer egiteko gai diren erakusteko emanaldia ere badela diote. «Belaunaldi berriak datoz, eta horiek asko dute erakusteko», dio Enetz Ximeno dantzari ondarrutarrak. Gaineratu du proposamena jaso zuen momentuan bertan baiezkoa eman zuela. «Naia Arrasate koreografiaz arduratu da, eta berak deitu zidan. Ezer gehiago jakin gabe, baiezkoa eman nion. Nire saltsa da».
Uriartek azaldu du horrelako ikuskizun bat egin ahal izatea «mirari» bat dela. «Ez dugu ekoizpenerako diru askorik. Parte hartzaile guztien borondate onagaz egiten da hau
Herrikoak diren eta kanpotik (Gasteiz, Madril…) datozen artisten baturak ere balio erantsia ematen duela dio Uriartek. «Ortzi Acosta gimnasta profesionala Cirque du Soleilegaz egon da lanean, Japonen ere egon da… Beragaz entsegatzen egon naiz, eta hain gertu ikustea sekulakoa izan da. Herritarrek aukera hori edukiko dute ikuskizun honegaz». Horretaz guztiaz gain, sorpresak ere egongo direla aurreratu dute, nola ez.
Aurten, gainera, afariaz gain, bi egunetan bazkariaren ostean ikuskizunaz gozatzeko aukera eskaini nahi izan dute (abenduak 11 eta urtarrilak 8). “Ikuskizunak gutxi gorabehera ordu eta erdiko iraupana dauka, atsedenaldiagaz. Eta batzuetan jendeak ez du nahi izaten beranduegi etxeratu. Horrez gain, kanpotik ere etortzen da jendea, eta, besteak beste, horiek ere gero autobusez euren herrietara itzultzeko aukera eduki dezaten egin dugu”.
Uriartek azaldu du horrelako ikuskizun bat egin ahal izatea «mirari» bat dela. «Ez dugu ekoizpenerako diru askorik. Parte hartzaile guztien borondate onagaz egiten da hau. Herriari zer edo zer eskaintzeko gogoz lan egin nahi duen jendeari esker egiten da».
Angel Amor ere lan taldeko kidea da. «Amorrek Disneyren Malefica filmeko diseinu taldean lan egin zuen. Esperientzia handiko profesionala da. Oso pozik gaude bera ere taldean edukitzeagatik».
Entseguetan murgilduta, herritarrei animatzeko eta bestelako ikuskizun bategaz gozatzeko gonbitea egin diete ikuskizunean diharduten guztiek.
DATAK ETA PREZIOA:
- Afariagaz (21:30): abenduak 9 eta 10 eta urtarrilak 6 eta 7.
- Bazkariagaz (14:30): abenduak 11 eta urtarrilak 8
- Prezioa: 55 euro (afaria/bazkaria eta ikuskizuna)
- Sarrerak: Beikozinin (94-683 28 99) edo Internetez. Oharra: Abenduko emanaldietako Interneteko sarrerak agortu egin dira (Beikozinin daude emanaldi horietarako geratzen diren sarrerak).
FITXA ARTISTIKOA/TEKNIKOA:
- Antzezleak: Ortzi Acosta, Fede Badiola, Ana Elordi, Tavi Gallart, Nahia Iparragirre eta Lady Pituka.
- Dantzariak: Nerea Ansola, Igor Baroja, Naia Mandia eta Enetz Ximeno.
- Musika eta soinu-espazioa: Jose Urrejola.
- Koreografia: Naia Arrasate eta Ines Uriarte.
- Jantzien diseinua eta egitea: Angel Amor.
- Gidoiak eta grafismoa: Iñigo Zabala.
- Bideoak eta erregiduria: Aitor Urkiola.
- Argien diseinua: Gaizka Izagirre.
- Soinu eta bideo teknikaria: Alberto Markuerkiaga.