Lea-Artibai azpitxapeldun geratu da Bertsolari Gazteen 30. BBK Sariketan
Durangaldeak 493 puntugaz irabazi du txapelketa; Lea-Artibaiko taldeak 38,5 puntu gutxiago lortu zituen, eta azpitxapeldun geratu da.
Joan den asteko eguenean [abenduak 1] jokatu zen Bilbon Bertsolari Gazteen 30. BBK Sariketaren finala. Lea-Artibai eta Durangaldea aurrez aurre neurtu ziren eta, mikroaren aurrean jarrita, Durangaldeko bertsolariek jaso zituzten puntu gehien: 493 puntu lortu zituen Durangaldeak eta 454,5 Lea-Artibaik.
Ondokoak izan ziren Lea-Artibai taldea osatu zuten bertsolariak:
- 18 urtera artekoak: Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga.
- 19-26 urte bitartekoak: Bittor Altube, Enare Muniategi eta Garazi Navarro.
Ibilbidea. Azaroaren 7an hasi zen txapelketa, Markina-Xemeinen. Saio hori Lea-Artibai taldeak irabazi zuen eta, ondorioz, finalaurrekora pasatu zen bertoko taldea. Ondoren, finalaurrekoa azaroaren 21ean jokatu zuten, Uribe Kostaren kontra; saio hori ere irabazi egin zuten bertokoek, eta finalean aritzeko aukera bere egin zuten.
Finala jokatu eta gero, txapelketaren 30. urteurrena ospatzeko jaia egin zuten. Eta horretan parte hartu zuten, besteak beste, Nerea Ibarzabal bertsolari markina-xemeindarrak eta Onintza Enbeita muxikarrak.