Delirium Tremens taldeak baxujole berria dauka
Orain arte Patxi Irisarri izan da taldeko baxu jotzaile; Mikel Kazalisek beteko du haren lekua. Irisarriri eskerrak eman eta Kazalisi ongi etorria eman diote.
Delirum Tremens taldeak prest dauka Hordago disko berria aurkezteko bira. Baina ez da hori taldeak eskuetan duen berrikuntza bakarra. “Neguko bira prest daukagu. Eta aldaketa handi batekin gatoz taula gainera. Patxi Irisarri gure baxu jotzailea faltako da, eta datozen kontzertuetan Mikel Kazalis izango da taldeko baxu jotzaile”.
Azaldu dute urte askoan izan dela Patxi Irisarri taldeko kide. “Bai lehengo urte haietan, eta baita ere oraingo itzulera honetan ere. Baina bizitzak traba asko jartzen ditu eta beti ez da erraza ametsak errealitatearekin ezkontzea. Kontziliazioa. Hori dela eta, Irisarrirentzako ezinezkoa da aurrera jarraitzea. Hala esan digu, eta hala hartu dugu”. Irisarriren erabakiak “atsekabea” eragin dietela esan dute gainerako taldekideek, eta esker ona agerut nahi izan diote. “Benetan eskertzen diogu beti eduki duen eta orain berri ere erakutsi duen konpromisoa. Eskerrik asko Patxi! Aurrera beti!”.
Hori esanda, Kazalisi ongi etorria eman eta Hordago diskoa aurkezteko martxoaren 4ra bitartean dituzten kontzertuetan bera izango dela baxu jotzailea esan dute. Besteak beste, Kazalis Anestesia, Negu Gorriak, Kuraia eta Matxura taldeetako kide izan da.
Bestalde, aurreratu dute egun gutxi barru What a wonderful world abestiaren bertsioa aurkeztuko dutela.
Delirium Tremens eta Unidad Alavesa taldeek eskainiko dituzten kontzertuak:
- Abenduak 7 (Durango): Ahotsenean, 21:30etik 22:00etara.
- Abenduak 10 (Azpeitia): San Agustin kulturgunean, 22:00etan. Sarrerak erosi
- Urtarrilak 6 (Iruñea): Zentralan, 20:30ean. Sarrerak erosi
- Urtarrilak 14 (Bilbo): Kafe Antzokian, 22:00etan. Sarrerak erosi
- Urtarrilak 21 (Gasteiz): Jimmy Jazz aretoan, 20:30ean. Sarrerak erosi
- Otsailak 10 (Bartzelona): Razzmatazzen, 20:00etan. Sarrerak erosi
- Martxoak 4 (Biarritz): Atabal aretoan, 21:00etan. Sarrerak erosi