Lekeitioko EAJ: “EH Bilduk ez dauka aurrekontuetarako proposamenik”
EH Bilduk esan du aurrekontuek EAJren “proiektu politikoari bakarrik” erantzuten diola.
Joan den eguenean [abenduak 1] Lekeitioko Udalak 2023ko aurrekontuak onartu zituen. Osoko bilkura amaitu bezain laster, Lekeitioko EAJk herriko EH Bilduren jarrera kritikatu zuen, hauek ezezkoa eman zieten aurrekontuei. Alderdi jeltzaleak adierazi zuen 2023ko udal aurrekontuetarako ez dutela inolako ekarpenik egin: “Lekeitiarren interesak albo batera utzi ditu, eta interes politikoak gailendu dira”. EAJren arabera, aurrera eramandako aurrekontuak egungo “errealitate ekonomiko eta sozial konplexuari” aurre egiteko diseinatutako dira: “Ondo hausnartutako aurrekontu proposamena da, oinarrizko eta kalitatezko zerbitzuak ziurtatu eta mantentzearen aldekoa”.
“Xelebrea da EH Bilduk Lekeitioko Udalari ukatzen dion guztia eskuzabaltasunez ematen diola Espainiako Gobernuari”
Azaroaren 11n aurkeztu zieten EH Bilduri aurrekontu proposamena, eta “negoziatzeko borondatearekin” agertu zirela esan dute. “Akordioetara iristeko ezinbestekoa dela ausardia eta borondate politikoa izatea eta, zelan ez, herritarren beharrizanei begiratzea. Zoritxarrez hori da EH Bilduri aurten falta izan zaiona”. Ez zuten erantzunik jaso, “badirudi aurten ez dituztela aztertu ere egin. Xelebrea da EH Bilduk Lekeitioko Udalari ukatzen dion guztia eskuzabaltasunez ematen diola Espainiako Gobernuari”.
Gogoratu dute azken urteetan koalizio abertzaleak egindako ekarpen gehienak onartu dituztela, haien abstentzioa lortuz. Hala eta guztiz ere, Lekeitioko EAJ elkarrizketarako eta negoziaziorako “ateak zabalik” mantentzen dituztela esan dute.
Erantzuna. Lekeitioko EH Bilduk baieztatu du “makina bat proposamen” egin dituela 2023ko aurrekontuetarako. Urtero ekarpenak egin dituztela diote, batzuk onartu dituztela, beste batzuk ez, baina aurrera eramandako horietako ez direla beti aurrera eraman. Esate baterako, gauzatu ez diren proposamenen artean daude herri erdian euritik eta argi izpietatik babesteko behin betiko aterpe bat jartzea. Beste alde batetik, Abaroa Jauregiko sotoa egokitzea dago, urte osoan zehar erabilgarria izateko, jauregia berreskuratzeko “lehen urratsa” litzateke. “Zerrenda luze bateko adibide batzuk besterik ez dira”
Beraz, EAJren adierazpenak “gezurrez beterikoak” direla adierazi dute. “Aurrekontu parte-hartzaileak izendatzen dituzte, baina benetan egiten dutena zera da: euren aurrekontuak diseinatu eta gero, oposizioari eta gainontzeko herritarrei ekarpenak egiteko txanda ireki. Partidarik handienak aldaezinak direla esaten, eta gero aldaketetarako aukera txiki batzuk ematen dituzte”.
“Gure herri eredua ez da hori. Proposamen gutxi batzuekin aurrekontu hori ezin da egokitu lekeitiarren beharrizenetara”
EH Bilduk salatu du udal aurrekontuak EAJren proiektu politikoari bakarrik erantzuten dutela. “Gure herri eredua ez da hori. Proposamen gutxi batzuekin aurrekontu hori ezin da egokitu lekeitiarren beharrizenetara”. Aurrekontuak onartu ahal izateko, berriro “osorik” egin beharko dituztela diote.