Markel Uribe gitarra jotzailea Piztiak taldeagaz ariko da abenduan
Talde ondarrutarrak hiru kontzertu eskainiko ditu abenduan, eta kontzertu horietan boskote modura ariko direla esan dute.
Abenduaren 8an XXX diskoa aurkezteko kontzertua eskainiko dute Durangoko Azokan (Ahotsenean, 12:10ean), abenduaren 10ean Markina-Xemeinen (Uhagonen, 19:00etan) eta abenduaren 30ean Azpeitian (San Agustin kulturgunean, 21:00etan). Eta hiru kontzertu horietan Markel Uribe gitarra jotzaileagaz ariko dira, boskote legez.
Talde ondarrutarrak 2021ean 30 urte bete zituen, eta urteurren hori ospatzeko XXX diskoa argitaratu zuten. Lan horretan 30 urtetan taldeak argitaratutako zazpi diskoetako abestien aukeraketa bat batu zuten, eta horiei bi abesti berri gehitu zieten: Barrun barrukuk (Josu Aranbarri) eta Begietara begiratu (Txomin Uribe).
Barrun barrukuk abestiak konfinamenduan Aranbarriri burura etorritako irudi eta burutazioak ditu oinarri. Abesti horretan Izar Aranbarri Lakaren ahotsa jaso dute, eta bideoa Aranbarrik (Buztenbaltza Prodakxon) egindakoa da. Aldiz, Begietara begiratu etxean gaixotasun larri baten ondorioz edukitako bizipen eta galeraren sentipenetik sortutako abestia dela diote. “Gaixotasun larri bat eduki dutenei eta ingurukoei eskainitako abestia da”.
Bi abesti horiek taldearen bi aurpegiak islatzen dituela diote. “Bata rock amerikarra eta bestea rock iluna. Biak 2021eko urria eta azaroa bitartean Urdulizko Tio Pete esudioetan grabatu zituen Jose Lastrak. Ekoizpena Piztiak taldearena (Lastra barne) da”.