'Piztu Dendak' Gabonetako argazki lehiaketa antolatu dute, Markina-Xemeinen
Abenduaren 18a da argazkiak sare sozialen bidez aurkezteko azken eguna.
Markina-Xemeingo Udalak eta Hemen Be Bai merkatari elkarteak Piztu Dendak Gabonetako argazki lehiaketa antolatu du beste urte batez. “Lehiaketaren helburua da herriko komertzioak piztea, indartzea eta herriko saltokiei bultzada ematea, Gabon hauetan ere herrian erosteko deia eginez”.
Parte hartu nahi dutenek argazki bakarra aurkeztu dezakete, are gehiago, egile berdin batek argazki bat baino gehiago igotzen baditu, bakar bat ere ez da kontuan hartuko. Horrez gain, ez dute argazki montajerik onartuko, eta argazkiak ezingo du testurik izan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, argazkiak “lotura zuzena” izan beharko du Gabonetan Markina-Xemeingo komertzioei bizitza ematearekin eta herrian erostera bideraturiko irudiekin. Epaimahaia udalak eta Hemen Be Bai merkatari elkarteko kideek osatuko dute.
Abenduaren 18a da argazkiak aurkezteko azken eguna. Horretarako Facebook edo Instagram sare sozialetara igo beharko dituzte parte hartu nahi dutenek #piztudendak2022 traola erabiliz. Sare sozialik ez dutenek beste erabiltzaile baten bitartez igo dezakete euren argazkia, argazkiaren egilearen izena jarrita. “Egilearen ardura izango da sare sozialetara argazkia behar den moduan igotzea, zehaztutako traola behar den moduan jarrita”.
Sariei dagokionez, irabazleek herriko saltokietan gastatzeko bonoak jasoko dituzte. Lehen sailkatuak 125 euroko bonoa, bigarrenak, 75 eurokoa eta hirugarrenak 50 eurokoa. Epaimahaikideen iritziz lanek kalitate edo maila nahikorik ez badute, edo planteatzen den gaiarekin loturarik ez badaukate, sariak hutsik geratu ahalko dituzte.