Urtarrilaren 2an egingo da Ondarrutar naturala lehiaketa
Abenduaren 23ra arte izena eman daiteke Turismo Bulegoan edo udaleko euskara sailean.
Ondarrutar Naturala lehiaketa egingo da urtarrilaren 2an, 18:00etan, Beikozinin. Galdera erantzun bidezko jolas bat da, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan lagungarri izatea helburu duen erreminta. “Denbora-pasa atsegin, dibertigarri eta didaktiko bat da”.
Parte hartzeko Ondarroako herriari buruzko jakinduria izatea nahikoa izango da, hala nola, Ondarroako istorioak, pertsona ospetsuak, herriko gertaerak, esaerak, toki-izenak, kantak, jokoak eta abar. Aurreratu dutenez, 1.000 euro banatuko dira sarietan: “Sariak egongo dira parte hartzaile guztientzat eta publikoarentzako sari batzuk ere bai”.
Gainera, informazio iturriak zabaldu dituzte, herriari buruzko informazioa irisgarriago egite aldera. Alde batetik, Ahuakemonala herritarrekin batera garatutako mugikorrerako aplikazioa, eta bestetik, Ondarroako esaera bilduma. Eta nola ez, hirugarren aukera, eta eraginkorrena ere proposatu dute: “Etxean galdetu”.
Jokoan binaka parte hartuko da, eta kanporaketa sistemaz egingo da lehiaketa, azken txanpan bikote bat irabazle gertatu arte. Hainbat modutara osatu daitezke bikoteak, beti ere, bi pertsona helduk edo pertsona heldu batek gazte batekin osatutako bikoteak izanik:
- Adin txikikoek parte hartu dezakete, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrerakoek; heldu batekin osatuko dute bikotea (15 urtetik gorako edozein pertsonarekin).
- DBH4ko gazteek heldu moduan har dezakete parte, bikotea osatuta.
- Bi pertsona helduk ere batera parte hartu ahal dute.
Izena ematea. Abenduaren 23ra arte egongo da izen ematea zabalik, eta hainbat bide daude horretarako: Ondarroako euskara zerbitzuarekin harremanetan jarriz 946 83 36 68 telefonoaren bidez edo mrey@ondarroa.eus helbidera idatzita, Turismo bulegoan eta herriko ikastetxeetan: Zaldupe ikastetxea, Institutua, Zubi Zahar ikastola.