Urtza Alkorta Arrizabalaga da Ondarroako EH Bilduren alkategaia
Ondarroako EH Bilduko mahai politikoak hartutako erabakia berretsi dute EH Bilduko kideek.
Urtza Alkorta Arrizabalaga izango da EH Bilduren zerrendaburua 2023ko udal hauteskundeetan. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eta Ondarroako EH Bilduko mahai politikoak hartu zuten erabakia eta EH Bilduko kideek bozka bidez berretsi dute.
Alkortak ilusioz hartu du jasotako babesa: “Alkatetzarako zerrendaburu izateagaz ilusioz nago, parez pare daukadan erronka honen aurrean, elkarrekin gauza izugarriak egiteko gai izango garen konbentzimenduagaz. Honetan, bai EH Bilduko oinarriaren eta oro har herritar desberdinen babesa jasotzeak, pozten direla adierazteak izugarrizko indarra ematen dit arduratik baina gogotsu heltzeko”. Eskerrak helarazi nahi izan dizkie herritarrei, eta bere helburuak finkatuta dituela adierazi du; Ondarroa eta Euskal Herri hobe bat lortzeko bidea egitea, “aukeran irribarre bategaz ahoan”.
Herriari lotuta. 45 urte ditu Alkortak, eta betidanik erakutsi du herriarekiko lotura estua. Egun Sortuko Bizkaiko lantaldean aritzen da, lana eta militantzia batuz. Betidanik egon da herriko taldeetan murgilduta, hala nola, AEKn, Saren, EHEn, UKKn, Kresala dantza taldean… betidanik herriko mugimenduetan aritu izan da. Herriarentzat plataformagaz eta ANVgaz zinegotzi izan zen.