Mutrikuko Tribiala osatzeko ekimena abiatu dute
Ekarpenak egiteko aukera egongo da abenduaren 31ra arte.
Mutrikuko Udaleko euskara zerbitzuak hezkuntzako lan taldearekin batera Mutrikuko tribiala mahai jokoa osatzeko ekimena abiatu du; historia liburuak, herri kantak eta kontuak, jolas eta joko bihurtzeko saiakera bat. “Galdera bidez herri osora iristeko”.
Mutrikuko BHI Institutuko ikasleek abiatu zuten proiektua, hain zuzen ere, Ondarrutar peto-petoa mahai jokoa oinarri hartuta, eta 2021ean Mutrikuri buruzko mahai jokoa sortu zuten. Ideia horri tiraka, Mutrikuko Udaleko euskara zerbitzutik ekimenarekin jarraitzea erabaki zuten, hain zuzen ere, ikasleek hasitako lana osatu eta herri osoari begirako Mutrikuko tribiala osatzeko asmoz.
“Tribial jokoa herriari buruzkoa izango da, bertako natura, ohitura, historia, kultura, hizkuntza eta berezitasunak jaso nahi ditugu modu ludiko batean jakintza gorde eta transmititzeko”. Herritarrak lan horren parte izateko helburuarekin, ekarpenak jasotzen ari dira; abenduaren 31ra arte. Bi bide eskaini dituzte, udaletxera hurbilduz edo euskara@mutriku.eus posta elektronikora idatziz.
Ekarpenak jasotzen hasita daudela adierazi dute euskara sailetik: “Herriko hamalau elkarteren ekarpenak jaso ditugu, eta baita norbanakoenak ere”. Hortaz, jendeari ekarpenak egiteko deia egin nahi diote, informazioa jaso eta jokoa ahalik eta osatuena izate aldera, “osa dezagun denon artean herriaren ondarea izango den jolasa”.