Mutrikuko Udalak auzo batzarrak egingo ditu
Abenduaren 13an, 14an eta 15ean izango dira aurrez aurreko batzarrak. Beste bide batzuk ere eskaini dituzte iritzi eta iradokizunak jasotzeko.
Urtero legez auzoz-auzoko batzarrak antolatuko ditu Mutrikuko Udalak. Auzo guztietako beharrak, kexak eta iradokizunak herritarren ahotik jasotzeko ariketa da. “Udalarentzat oso garrantzitsua delako herritarrek esateko dutena entzutea, hurbileko kontaktu horrek benetan beharrezko diren aldaketak eta hobekuntzak egiteko giltza direlako”. Hainbat bide eskainiko dituzte harreman hori bideratzeko; idatziz, online edo aurrez aurre.
Aurrez aurreko hiru batzar egingo dituzte, abenduaren 13an, 14an eta 15ean, Zabiel kultur etxean. Batzarrak guneka antolatuko dira, hau da, egun bakoitzean zehaztutako gunearen inguruan jasotako kexa, iritzi eta iradokizunei erantzungo dio udalak, eta Youtubeko kanalaren bidez ere bilera jarraitzeko aukera egongo da:
- 1. Gunearen bilera abenduaren 13an [martitzena] izango da, 18:0etan: Txurruka plaza, Erdiko kale, Konde kalea, Atxitxin kale, Atxitxin Aldapa, Beheko plaza, Barrenkale, Ipar Kale, San Gil, Frontoiko Aldapa, Sabanika, Azkiaga, Felix Txurruka, Tranpa kale, Nasa kalea, Piñastegi, Burumendi eta Ibirriaga.
- 2. Gunearen bilera abenduaren 14an [eguaztena] izango da, 18:00etan: Domingo Ibaibarriaga, Jose Antonio Ezeiza, Agirre Lehendakaria, Madalena, San Miguel, Gaztañeta Almirantea, Jose Maria Altzibar, Entzus, Txurruka Tenienteak, Iriagirre, San Agustin, Hirigibel, Samikolla, Isabel Lobiano eta Olatz Bidea.
- 3. Gunearen bilera abenduaren 15ean [eguena] izango da, 18:00etan: Landa Eremuak, Pikupe eta Urazamendik.
Batzarrak aurrez aurre egingo badira ere, Udalak gaineratu duenez herritarrek bost modu izango dituzte euren erregu eta galderak helarazteko:
- Internet bidez, www.labur.eus/auzoz2022 helbidean sartu eta bertan idatzita.
- Posta elektronikoz, komunikazioa@mutriku.eus helbidera mezu bat idatzita.
- Auzo batzarretan, zuzenean.
- Herritarrek etxean jasoko duten esku orriaren atzealdeko orria bete eta udaletxean, turismo bulegoan, liburutegian edo Merkatu Plazan jarritako buzoietako batean botata.
- Batzarra Youtuben zuzenean emititzen ari direnean, iruzkin bat idatziz.