Alex Goitia markina-xemeindarrak Gernikako Jai Alai Winter Seriesean debutatuko du
Datorren astelehenean [abenduak 12] 19:30ean ariko da estreinakoz Thomas Urrutiaren ordez.
Markina-Xemeindarrak Aimar Aldazabal berriatuarragaz batera jokatuko du Aritz Erkiaga ispastertarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren aurka. Erkiagak eta Zabalak garaipena behar dute lehen partidan Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarren aurka galdu ostean. Hirugarren eta azken partida izango da Goitiak jokatuko duena bikotea kanporatuta baitago.
Hain zuzen ere, horregatik joan da Thomas Urrutia aurrelari titularra Estatu Batuetara. “Inguruko beste pilotari gazteei emandako aukerak ikusita, espero nuen deia”, adierazi du Goitiak. Aurrelari markina-xemeindarra nerbio handiko puntista da: “Hainbeste jenderen aurrean jokatzea hasieran kostatuko zait, baina saiatuko naiz pilota atzeratzen eta Aldazabalek dominatzen badu, aurrean asmatu beharko dut tantoa amaitzerakoan”. Jakitun da partida gogorra izango dutela txapelketako egungo txapeldunen aurka: “Denok dakigu zenbat jokatzen duten, saiatuko gara gure maila ematen, eta ea zorte apur bat dekogun alde”.
Ibilbidea. Iaz Goitia Munduko txapeldun izan zen 24 urte azpikoetan, Mexikon. Jai Alai Winter Series aurreko Berriatuko Pro-Am txapelketan parte hartu zuen Gorka Mugartegi Atainegaz batera. Horrez gain, Goitia eta Ion Ibarluzea Bizkaiko kluben arteko txapeldun izan ziren Jai Alai katedralean, orain bere bikote izango den Aimar Aldazabalen aurka.