Ondarroako Sortzaileen Azoka, herritarrek eskulanetarako duten trebetasunaren erakusle
Eguraldia dela eta, azoka Zaldupe eskola publikoaren jolastokian egin dute. Herritar asko txundituta geratu dira sortzaileen lanak ikustean.
Ondarroako Sortzaileen Azokak (Tripi-Trapu Azoki) ondarrutarrek eskulanak egiteko duten abilezia bistaratu du beste behin ere. Askotariko lanak egon dira ikusgai, eta asko izan dira Zaldupe eskola publikoaren jolastokira joan eta herritarrek sortutako piezak eskuratu dituztenak.
Goizean nahikoa hotz bazegoen ere, gutxinaka-gutxinaka herritarrak azokara hurreratzen joan dira, eta giroa epeltzen joan da. 13:00ak ingururako nahikoa jende zebilen azokako postuak ikusten. Eta ikusi eta erosteaz gain, sortzaileekin zuzenean hitz egiteko aukera ere aprobetxatu dute herritarrek. Hala, bat baino gehiago izan dira aurrean zituzten piezak nola sortzen dituzten azaldu dutenak. Gabonetako opariak egiteko ere aprobetxatu dute batzuek.