Lekeitioko San Silbestre lasterketa solidarioa izango da aurten
Abenduaren 31n herriko ume, gazte zein helduek herriko kaleak zeharkatuko dituzte.
2022 urteari agur esateko eta 2023 urteari ongi etorria emateko korrika egiten dute lekeitiarrek abenduaren 31n. Tximista Atletismo taldeak eta Lekeitioko Udalak beste urte batez antolatu dute San Silbestre lasterketa. Aurtengoa, berriz, berezia izango da, solidarioa izango baita.
Izena emateko epea zabalik dago herrikrosa.eus webgunean, urteko azken egunean 10:00etara arte eman daiteke izena. Aurten ere dohakoa izango da izen ematea, baina antolatzaileek parte hartzaileei eskatuko diete dortsala hartzerakoan elikagaiak ematea. Abenduaren 31n 10:00etan hasiko dute dortsal banaketa, Kontzijopean. Aurten beharrezkoa izango da dortsala izatea eta korrikalari bakoitzak lasterketa bakarrean parte hartu dezake.
Hain zuzen ere, Lekeitioko Elikagai Bankuari emango diete egun horretan biltzen duten janari dena. Korrika egiten ez dutenek ere aukera izango dute elikagaiak edota dirua emateko. “Guztion laguntasuna beharrezkoa da elikagaiak batu eta beharrizanak dituztenen artean banatzeko”, adierazi dute antolatzaileek. Lekeition 76 familia daude Elikagaien Bankuaren beharra dutenak, guztira 182 pertsona. Horien artean, 0 eta 12 urte bitarteko 43 ume. “Aurtengo San Silbestre lasterketan eskaini zure laguntasuna, ekarri elikagaiak!”.
Mailakatuta. Beste urte batzuetan bezala, adin tarte desberdinentzako ordutegi eta distantziak jarriko dituzte. 0 eta 8 urte bitartekoek emango diote hasiera San Silbestre lasterketari 11:00etan, Abadeen moila eta plazaren arteko 500 metroko ibilbidea osatu beharko dute. 11:15ean ahasita, 9-12 urtekoek ibilbide bera osatuko dute, baina Sanpedropetik pasata, hau da, kilometro bateko ibilbidea guztira. 13 eta 16 urte bitarteko gazteek Santa Katalina parketik aterako dira 11:30ean eta herriko plazan amaitu, 2,9 kilometroko ibilbidea eginez. Azkenik, 12:15ean, 16 urtetik gorako nagusiek 7 kilometroko ibilbideari egin beharko diete aurre: Faroa, Kristo Portala eta Tala zeharkatu beharko dituzte plazaraino heldu baino lehen.