Lekeitioko Udalak Antzoriz eremuaren inguruko parte hartze prozesua zabalduko du
Bihar [abenduak 13] egingo dute iritziak jasotzeko lehen jardunaldia, kultur etxean.
Antzoriz eremua lehen Maderas de Lekeitio enpresa zegoen lurralde eremuari deritzo. Udalak lurrak erosteko intentzioa erakutsi du, baina aldez aurretik prozesu parte hartzaile bat jarriko du martxan. Udal ordezkariek adierazi dute hurrengo urteetarako “erronka berri” bat izango dela: “Birnaturalizazio-prozesu baten ostean, balioan jarri beharko dira lurrak eta etorkizunerako erabilera posible berriak aztertu beharko dira.
Horretarako, 20 hektareako eremua aztertu eta etorkizuneko erabilera posibleei buruzko iritziak jaso nahi ditu udalak. Parte hartze prozesua hainbat fase desberdin izango ditu. Lehendabizi, Antzoriz eremuaren azterketa osatu beharko dute. Ingurumena zaintzeko eta eremu horretan lurralde antolamendurako araudiek zein udal araudiek duten eragina aztertuko dute. Hau da, lurrak Lekeitiokoak edo Ispasterkoak diren zehaztu beharko dute.
Ostean, herritar eta eragileen parte hartzea bultzatu nahi dute. Hain zuzen ere, bi jardunaldi antolatu dituzte aste honetan lekeitiarren iritziak, galderak edota zalantzak argitu ahal izateko. Lehen saioa bihar [abenduak 13] egingo dute 11:00etatik aurrera kultur etxean. Bigarrena, ordea, eguenean [abenduak 15] izango da 18:30ean toki berean. Horrez gain, bi jardunaldietara hurbildu ezin diren herritarrentzat, antzoriz@lekeitio.eus posta elektronikoa zabaldu dute mezu bidez ideiak jaso ahal izateko.
Prozesu horren ondorioz jasotako informazio guztiagaz, Gabonetan erakusketa publiko bat zabalduko dute. Herritar asko oporretan daudela baliatuz, haien ekarpenak eta proposamenak beste modu batez jasotzeko bidea zabalduko dute. Jendaurreko erakusketa Eskolapeko erakusketa-aretoan egingo da, abenduaren 19tik urtarrilaren 7ra. Astelehenetik barikura bi ordu tartetan egongo da zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era. Zapatuetan ere proposamenak eta iritziak egin ahalko dituzte herritarrek 11:30etik 13:30era.
Informazio guztiarekin txosten bat osatuko dute, jendaurrean emaitzak azaltzeko. Gainera, abenduaren 27an, proiektuaren arduradunak erakusketa aretoan egongo dira proiektuaren azalpenak zehaztasunez eman eta zalantzak argitzeko. Lekeitioko Udalak uste du herritarren gehiengoaren parte hartzea “interesgarria” litzatekela. Horregatik, lekeitiarrei jardunaldietan edota erakusketa publikoan ekarpenak egiteko deia luzatu diete.