Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak bizirik diraute
A multzoan, bi jardunaldiren faltan hiru bikotek dituzte aukerak aurrera egiteko, baina birentzako dago lekua bakarrik finalaurrekoetan.
Hil edo biziko partida zen atzoko [abenduak 12] Aritz Erkiaga eta Jon Zabalarentzat. Partida irabazi beharra zuten, eta ez hori bakarrik, Gernikako Jai Alai Winterseko egungo txapeldunek 2-0ko markagailua behar zuten, eta tanto alde handiarekin bazen, hobe. Aurkariek kontrakoa, kanporatuta zeuden, Alex Goitia markina-xemeindarrak Thomas Urrutiaren lekua hartu zuen, eta Aimar Aldazabal berrituarragaz bikotea osatu. Partida hasi baino lehen Mikel Arriola puntista ohiak eta egungo Mexikoko futbol ligako presidenteak garaikurra jaso zuen Jose Mari GorroƱo Gernika-Lumoko alkatearen eskutik.
Erkiagak, partidaren garrantziaz jakitun, bere mailarik onena erakutsi zuen 1.600 zaleren aurrean. Erakustaldia eman zuen ispastertarrak lehen setean, hamar tanto amaitu zituen, defentsan lagundu zuen eta ez zuen inolako akatsik egin. Gaitza da hobeto jokatzea. Bikote urdinak ahal izan duena egin zuen aurrelariaren erakustaldiaren aurrean, 10-7 hurbildu ziren eta guzti, baina egungo txapeldunek ez zuten sorpresarik nahi. Azkenean 15-10.
Goitia gazteak bere dohairik onenak atera zituen, puntista bizia da, indar handia ematen dio pilotari, eta tanto bikainak amaitu zituen aurreko koadroetan. Aldazabal beti bezain seguru egon zen atzealdean, hori gutxi ez eta markina-xemeindarra etengabe animatu zuen. 8-7 hurbildu ziren markagailuan, baina Goitiak bost pasen muga gainditu zuen, eta oso garesti ordaindu zuen. Sakeagaz ezin arriskatuta, aukerako pilotak izan zituen Erkiagak errematatzeko. Lehen seteko disdirarik gabe, baina ispastertarrak ez zuen barkatu. Gainera, beti zuen Zabala laguntzeko prest. Ia zazpi tanto egin zituzten faboritoek jarraian, azkena Goitiaren pasa baten ostean: 15-8.
Dena erabakitzeke. A multzoa oso berdinduta dago, edozer gerta daiteke. Azken garaipenagaz Erkiagak eta Zabalak bost puntu dituzte. Aurretik daude Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak zazpi puntugaz. Hirugarren daude Jean Olharan eta Thibault Basque lau puntugaz, baina partida bat gutxiagogaz. Hurrengo bi jardunaldietan erabakiko da zein bi bikotek egingo duten aurrera finalaurrekoetara. Abenduaren 26an Barandika eta Lekerika Olharan eta Basqueren aurka, eta urtarrilaren 16an Erkiaga eta Zabala Olharan eta Basqueren kontra.