Nerea Ibarzabal: "Aurreko hiru saioetako edertasun eta maitasun horri lekua egin nahi diot finalean"
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala aurkeztu dute goizean, Nafarroa Arenan. Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrarentzat txapelketa nagusiko lehenengo finala izango da; "poz izugarria" sentitzen duela aitortu du.
Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak orain dela ia urtebete jantzi zuen Bizkaiko txapela, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bere lehenengo finala lehiatuko du domekan [abenduak 18]. Txapelketan ibilbide “luzea, ederra eta intentsoa” bete du orain arte, eta finalerako txartela eskuratu duelako “poz izugarria” sentitzen du. “Iaztik lehiarekin konexio estu batekin nator, eta neke zaharra da sentitzen dudana, baina aldi berean poz izugarria”, aitortu du Nafarroa Arenan goizean egin duten agerraldian.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaren aurkezpenean egon dira zortzi finalistak: Nerea Ibarzabal Salegi, Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Lujanbio Zugasti eta Sustrai Colina Acordarrementeria.
Finalaren ordutegia.11:00etan hasiko dute goizeko saioa, eta 14:30ak aldera amaitzea aurreikusi dute. Arratsaldekoa, berriz, 17:00etatik 20:30ak ingurura arte izango da. 09:00etan zabalduko dituzte ateak, eta bazkaltzeko etenaren ostean, 16:00etan.
Txapelketa honetako aurreko hiru saioetan “asko ikasi” duela esan du markina-xemeindarrak: “Hiru saio oso bero eta eder sentitu ditut oholtzatik, eta finalerako berdin, edertasun eta maitasun horri leku egin nahi diot, arduratik eta kontzentraziotik. Kontzienteki ez dakit ze erabakirekin noan; dakidana da saiatzen naizela aldiro egokitzen zaidan pertsonaia horrekin zerbaitetan konektatzen edo nik pertsonaia aukeratu behar badut izan dezala emozioen gama bat nik ezagutzen dudana, eta horrekin konektatu dezakedana. Horrela, askotan sentitzen dudalako hitzak errazago etortzen zaizkidala; pixka bat aktore lana bezala, bere azalean sartu eta errazago fluitzen dut. Eta hain gertu geratzen ez zaidan pertsonaia bat tokatuko balitz, bere ertz bat edo puntu bat bilatzen saiatzen naiz, zeinetan lotura bat izan dezakedan benetan barrutik aritzeko kantuan”.
Finalista gazteenetakoa da Ibarzabal, eta dio “pila bat ikasi” duela beteranoei entzunez. Txapelketan zein plazetan “beste belaunaldi batzuen lekutik kantatzeko eta beste kanon, proposamen eta gauza batzuk aurkezteko” ausardia sentitzea bilatu du, bere “ahotsaren bilaketa”.
Gontzal Agote Bertsozale Elkarteko ordezkariak esan du ekainean, txapelketa aurkeztean, intuizio bat partekatu zutela: bertsozaleengan gogo berezia zegoela txapelketarako, plazak berriro hartzeko, esperientziak berriro partekatzeko. “Eta zorionez, hala izan da”. Azpimarratu du txapelketa izan dela plazaren aniztasunaren eta errealitatearen isla, bai bertsokeran, bai gaien heldulekuetan, bai ertzak bilatzeko maneretan, bai bide berriak urratzean, bai ekarpenak egiteko ahaleginean, bai gaitegian, bai norberaren begirada lantzean… Eta finalean ere “beste hainbeste” espero dute.
13.000 bertso zale batuko dira domekan Nafarroa Arenan–irailetik sarrerak agortuta daude–. Hala ere, finala zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan zein ETB1en Ilaski Serranok aurkeztuta eta Jon Martinen iruzkinekin. “Beste hainbat hedabidek ere egingo diote jarraipena”.
Aurrez iragarri bezala, aurten Iñaki Murua Jauregik jantziko dio txapela irabazleari: “Bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da, Gabiria bere herrian zein Euskal Herri osoan. 2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen”. Bertsolaritzaren, kulturgintzaren, euskalgintzaren eta nazioarteko sarearen ordezkaritzak emango ditu gainontzeko sariak: “Bakoitzak euskal artista banaren artelanak banatuko dizkie finalistei”.