Eneko Sagarmendik Espainiako Txapelketako finala lehiatuko du
Eneko Sagarmendik, Leire Esnalegaz bikote eginda, Mikel Vegaren eta Joseba Altunaren kontra jokatuko du pala egokituko II. Espainiako Txapelketa. Bigarren txapela lortzea du helburu Sagarmendik.
Eneko Sagarmendi pilotari mutrikuarrak pilota egokituko II. Espainiako Txapelketan parte hartuko du. Hain zuzen ere, pala egokituko modalitatean, Espainiako Txapelketako finala jokatuko du domekan, 12:00etan hasita, Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Sagarmendik eta bere bikote Leire Esnal zumaiarrak joan den domekan jokatu zituzten, Eibarko Astelena frontoian, txapelketako kanporaketak eta finalaurreko partidua. Lau norgehiagoka jokatu zituzten egun berean, eta guztietan garaipena poltsikoratu zuten, finalerako txartela lortuz. Lehen kanporaketa 10-8 irabazi zuten; bigarrenean, ostera, 10-6 gailendu ziren; hirugarrenean, 10-0eko markagailu zapaltzaile eskuratu zuten. Jarraian, finalerdietako partiduan aritu zen, eta 10-2ko garaipena lortu zuen, finalera sailkatuz. Bai Sagarmendi, bai Esnal iazko lehen ekitaldiko finalean egon ziren, baina elkarren aurkari izan ziren. Sagarmendik Xabier Villarregaz bikote eginez irabazi zuen txapela; Esnalek Jurdan Arakistainegaz batera jokatu zuen.
Domekan aurrez aurre izango dituzten arerioak Mikel Vega eta Joseba Altuna izango dira. Final “oso estua” aurreikusten du mutrikuarrak: “Vega oso sasoiko ikusten dut; elkarregaz entrenatzen dugu, eta finalera maila oso handian ailegatuko dela esango nuke. Altuna, ostera, aspaldidanik ezagutzen dudan pilotaria da, eta sobera dakit oso lehiakorra dela”.
Nekearen estrategia. Esnal “goi-mailako bikotea” dela adierazi du Sagarmendik: “Ezkertia da, eta egundoko maila dauka, esate baterako, horma biko nahiz zabaletarako jokaldiak amaitzeko”. Bera, aldiz, “jokoa nahasten” moldatzen da hoberen. Hain zuzen, “nekea sortzea” da finalera begira gaur-gaurkoz planteatu duten taktika bakarra. “Ez dugu ezer berezirik pentsatu, baina aurkariak nekatuarazi egingo ditugu, eta hutsunea ikusten dudanean tantoak amaitzen saiatuko gara”. Hurrengo urteko helburuez galdetuta, Gipuzkoako buruz buruko nahiz binakako txapelketa eta Master Cup lehiaketa “begiz jota” dituela adierazi du Sagarmendik.